
Publicado el 16 de noviembre de 2007
Jakin badakigu asko direla gure ingurune honek dituen gabeziak. Askotan hitz egiten da horri buruz aldizkari honetan, eta baita kalean ere. Baina aukerak ere ez dira gutxi. Eta lan munduaz hitz egitera noa. Nire ikuspuntutik, jende askok erakusten duen gogoa eta gaitasuna dira faktorerik garrantzitsuenak ekimen bati aurre egiteko orduan. Talentu handiko pasaitarrak ezagutzen ditugu denok: margolariak, historialariak, idazleak, kirolariak, aktoreak, abeslariak… Eta, noski, baita dendariak edo langile arruntak ere. Ahalmen handia erakustea ez baitago derrigorrez lanbide artistiko edo “sortzaile” batekin lotuta.
Oro har, edozein lanbidetan (eta proiektu berrietan batez ere) arrakasta izateko, zenbait baldintza bete behar direla uste dut. Bultzatzen ari garen egitasmoak ideia on bat izan behar du oinarrian. Gainera, bidean zailtasunak sortzen badira ere (eta, maiz, sortzen dira) aurrera jarraituko dugula jakiteak laguntzen du. Eta, noski, ilusioa eta gogo izugarria jarri behar dira eskuetan dugun egitasmo horretan. Horiez gain, beste alderdi garrantzitsu bat ere azpimarratuko nuke: jasoko ditugun kritikak eta gure ekimenari buruzko komentario maltzurrak zein aurrera ez jarraitzeko aholkatuko digutenen iritziak jaso behar ditugu, baina neurriz gaineko garrantzirik eskaini gabe.
Zuk argi daukazu aurrera egin nahi duzula; orduan, zertarako balio du zure proiektuak arrakasta lortzeko aukerarik ez duela esaten dizunari entzuteak? Zerbaitetarako bai: batetik, pertsona askoren izaera ezagutzeko, eta, ondorioz, horiengana gerturatzeko ala horiengandik urrutiratzeko. Nere kasu pertsonala aipatuko dizuet: zenbat jendek ez ote zigun esan orain zortzi urte aldizkari honek ez zuela lekurik badia honetan…! Kritika hutsek, askotan, indar gehiago biltzeko eta gogo handiagoarekin jarraitzeko ere balio dute.
Egitasmo profesional (edo pertsonal) berri bat garatzeak gure burua defendatzeko eta hobeto ezagutzeko tresnak emango dizkigu. Nahiz eta gauzak ez gertatu pentsatuta geneukan bezala, nahiz eta azkenean ekimena bertan behera utzi behar izan, gure ahalmen guztiak jarri baditugu bukaeraraino, gure burua zoriondu behar dugu. Eta ibiltzen jarraitu.
Laburbilduz, buruan zenuen proiektu edo egitasmo berriren bat martxan jarri baduzu, bere etorkizunean konfidantza baduzu eta zure gogo eta esfortzuak hari eskaintzeko prest bazaude, entzun aholku guztiak, baina batez ere honakoari kasu egin: aurrera!
Escrito por Iñigo Domingo