Pasaian

Komeriak apunteak lortzeko

Publicado el 05 de febrero de 2008

Harrigarria oposizioena! Zur eta lur gelditu naiz lagun batek ikastetxe batean lanpostu finkoa lortzeko ahaleginean bizi duen esperientzia kontatu didanean. Antxotarra den nere lagun honek ez du oraindik azterketarik egin. Egia esan, ez da oraindik hasi oposizioak prestatzen. Lehenik eta behin, oztopo-lasterketa zail bat gainditu behar izan du eta. Nora iristeko? Sinestezina dirudien arren, buruz ikasi beharko dituen apunteak lortzea izan du lehen abentura.

Pausoz pauso azalduko dizuet egin duen bide neke-tsu eta ia negargarria. Komeriak! Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu ditu interesatzen zaizkion frogak. Hasteko, zein espezialitateko azterketetara aurkeztuko den erabaki behar izan zuen. Lau plaza libre daude jokoan aukeratu duen alorrean.

Hortik aurrera, ezustea! Hezkuntza Sailaren bitartez, ikasi beharreko gai-zerrenda eskuratu zuen, baina gai-zerrenda besterik ez. Mamia, edukiak, menperatu beharreko materiala, alegia, liburuetan bilduta dago. Zoritxarrez, nere lagunak behar dituen liburuak agortuta daude dendetan, eta edizio berririk argitara emateko asmorik ez omen du inongo argitaletxek.

Laster erreakzionatu zuen nere lagunak. Hasteko, beste espezialitate batzuei dagozkien hainbat liburu erosi zituen, komunak ziren gai batzuk ikasteko. Hortik aurrera, lortu eta pasa, saldu eta erosi egiten diren apunteen ezkutuko merkatuan murgildu zen. Sindikatuen bidez ba omen dago gai batzuk lortzerik, baina, jakina, afiliatuta ez bazaude, zureak egin du. Ordezkapenak egiteaz bizi denez, azken hilabeteetan lan egin duen ikastetxeetako lankideei eskatuz ere lortu ditu ikasgai batzuk. Batzuk. Ez guztiak.

Eta gaur egun bide guztiek jainko beraren besoetara eramaten gaituztenez, internetekin topo egin zuen azkenean. Hortxe oposizioei buruzko foroak! Berehala aurkitu zuen sarearen bitartez apunteak saltzeko prest zegoen norbait. Baina, nola ordaindu aldez aurretik ikusi ezin zuen material baten truke? Erdi etsituta zegoen, aingeru bat agertu zitzaionean. Foroaren erabiltzaile batek bazeuzkan berak behar zituen apunteak eta prest zegoen eskatzen zizkion edonori musutruk oparitzeko! «Munduan pertsona onak badaude», esan dit nere lagunak. Orain, mahai gainean dituen milaka orriak ikasten hastea baino ez zaio falta.

Matrikulazio tasetan, liburuetan eta apunteen fotokopietan, 200 euro inguru gastatu ditu honezkero nere lagunak. Garesti aterako zaio oposizioetara aurkeztea.

Escrito por Eva Domingo Otero

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo