
Publicado el 16 de junio de 2008
Bulego berri eta atsegin batean hobeto egiten da lan. Etxea txukuna daukagunean, gusturago hartzen ditugu bisitak. Ez naiz oraindik Pasaiako udaletxe berrian sartu, baina ikusi ditudan argazkiek orain artekoak baino espazio zabalagoak eta argitsuagoak erakusten dituzte. Horregatik uste dut udal langileak, ziur aski, pozik egongo direla Santiago plazako udaletxe zaharretik Arizabalo udaletxe berrira egin den egoitza aldaketarekin. Hirigintzak eta beste sail batzuek orain arte zeuzkaten lokalak ere oso egoera txarrean zeuden.
Lerro hauetatik etxe berria gozatu dezatela opa diet udal teknikari eta politikariei. Instalazio horietan eroso baldin badaude, gusturago joango dira lanera. Eta giro onean egiten den lanak emaitza hobeak lor-tzen ditu. Neri, behintzat, hala gertatzen zait.
Gainera, sinboloek eta energia positiboek duten indarrean sinesten dudanez, jauregi historiko batean kokatuta egoteak Udalari aurrera bultzada bat eman diezaiokeela ere uste dut. Ez dakit Arizabalon XVII.etik bizi eta lan egin zutenak bertan zoriontsu izan ote ziren, baina badakit ekimen handiei lotutako etxea izan dela jauregi hori. Udalerriarentzat etapa berri bat ekar dezakeela esan diot nere buruari. Aro emankorragoa.
Alkateari eskaera bat. Santiago plazako Udaletxe zaharrean jaio zen Pedro Etxeberriak Pasaiako armarri zaharra ondo aztertuta zeukan. Oker zeuden sinboloak aldatu zizkion aspaldi. Arraunak beheruntz, sekula ez! Alkate anderea, ez jarri Arizabalon udaletxe zaharreko pareta batean zintzilik zegoen armarri oker hura!
Escrito por Eva Domingo Otero