
Publicado el 15 de marzo de 2006
PASAIAN 58 (2006 Iraila)
Loezina edo insomnioa lokartzeko edo loaldia mantentzeko ezintasunari esaten zaio. Iraupenaren arabera, loezina puntuala, epe laburrekoa edo kronikoa izan daiteke. Jende askok izan ditu bere bizitzan zehar loezin aldiak. Hala ere, kronikoa edo iraupen luzekoa ez da hain arrunta. Insomnioa, bestalde, modu desberdinetakoa izan daiteke; kasu gehienetan, lokartzeko zailtasuna agertzen da, beste batzuetan, berriz, askotan esnatzen da pertsona gauean zehar edo goizegi esnatzen da eta zaila egiten zaio berriz lo hartzea. Loezina agertzen denean, kontuan hartu behar da ez dela gaixotasun bat, zerbaiten sintoma baizik. Beraz, hari aurre egiteko modurik egokiena zergatia identifikatzea eta tratatzea izango da, nahiz askotan, batez ere iraupen luzekoa denean, zergatia konplexua izan.
Baina, zer dela eta ager daiteke loezina? Arrazoiak ugariak dira eta, kasu gehienetan, arazo fisiologiko, psikologiko edo psikiatrikoak bitarteko ala medikamentuen eraginez izaten da. Arrazoi fisiologikoen artean, honako hauek aurki ditzakegu: giro zaratatsua, beroegia, ezatsegina… kontinenteen arteko bidaia luzeak, lan ordutegi aldaketak, gaixotasun kronikoak, asma kasu… Arrazoi psikologiko arruntenak eguneroko bizitzan estres aldi puntualak eta mota desberdineko gertaera pertsonalak dira. Depresioa, antsietatea, krisi psikotikoak eta anorexia dira, bestalde, arrazoi psikiatriko arruntenak.
Kasu guztietan, batez ere kronikoetan (eta tratamendu farmakologikoa gomendatzen denetan ere), oso komenigarria da ondo lo egiteko zenbait aholku jarraitzea: giro egokia lortu behar dugu, hau da, iluna, erosoa, lasaia eta tenperatura onekoa. Gainera, ohea ez dugu jateko, telebista ikusteko, lan egiteko, ikasteko...erabili behar, jarduera hauek lo egiteko lortu behar dugun erlaxazioa zaildu egingo baitute; musika lasaiak edo irakurketa atseginak, berriz, erlaxazioa erraztu egingo dute.
Bestalde, oso garrantzitsua da, ahal bada, esnatzeko ordua finkatzea eta beti berdina izatea. Honela, gorputza ohitu egiten da eta horren arabera egokitu egiten du logura agertuko den ordua. Eta ordu horretan joan beharko dugu ohera, ez lehenago.
Zenbaitetan, batez ere gauean lo gutxi egin dugunean eta denbora badaukagu, bazkaldu eta gero siesta bat botatzea erabakitzen dugu. Eta nahiz eta batzuetan bazkalondoan denbora labur batez (20 minutu) lo-kuluxka egitea desegokia ez izan, gauean lo egiteko arazoak ditugunean gauera arte esna mantentzea gomendatzen da normalean. Era berean, denok dakigu egunean zehar kirola egitea oso komenigarria dela (baita gauean hobeto lo egiteko ere), baina gorputzari erlaxa-tzeko denbora emanez, alegia, ohera joan baino gutxi gorabehera hiru ordu lehenago bukatuz. Azkenik, ez dira afari astunak hartu behar lo egin baino lehen eta arratsaldetik aurrera baztertu egin beharko ditugu kafeina daukaten edariak.
Dena den, zenbait kasutan beharrezkoa da tratamendu farmakologikoa, medikamentu hipnotikoen bidez. Gaur egun gehien erabiltzen diren hipnotikoak benzodiazepinak dira (lorazepam, lormetazepam…). Botika hauek sendagilearen errezetaren bidez besterik ezin dira lortu eta nabarmendu ditzakegun bi arazo dauzkate. Alde batetik, menpekotasuna, epe luzez erabiltzen badira. Bestetik, abstinentzia-sindromea (antsietatea, urduritasuna, loezina, dardara…), denbora batez erabilita bapatean uzten badira.
Horregatik, guztiz beharrezkoak direnean hartuko dira soilik, eraginkorra den dosi minimoa erabiliz eta ahal daitekeen epe laburrenean. Ez da komenigarria lau aste baino gehiagoz jarraian hartzea eta tratamendua ez dugu egun batetik bestera utziko; dosia gutxituz joan beharko dugu, medikuak esaten digun moduan, tratamendua eten arte.
Beraz, loaldian eragina duen guztia egokituz, loezinari aurre egin diezaiokegu. Baina, kasu ba-tzuetan haren zergatia aurkitzea (adibidez, ordura arte diagnostikatu gabeko depresio bat) edo sendagai hipnotikoak hartzea beharrezkoa izango da. Kasu hauetan, botikariarengana edo medikuarengana joan beharko dugu.
Escrito por Oihana Horna