Pasaian

Oiartzunek, “Euskal Herriko Bihotz Berdeak”, lorezaintza eta artea uztartuko ditu ekainaren 3 eta 4ean

Publicado el 15 de mayo de 2006

Oiartzunek, “Euskal Herriko Bihotz Berdeak”, lorezaintza eta artea uztartuko ditu ekainaren 3 eta 4ean

Paisajismoa, lorezaintza, lore salmenta eta produkzioa. Edertasunaren sinonimo diren jarduera horien inguruan Loriartzun izeneko festa handia ospatu zuten Oiartzunen lehengo udaberrian. 2005.eko lehen saio hura arrakastatsua izan zen, 15.000 bisitari inguru hurbildu baitziren bi egunetan zehar azoka jaioberriak eskaintzen zituen produktuez, ekintza osagarriez eta, oro har, giroaz goza-tzeko gogo biziz.
   Ingurunea bereziki erakargarri egiten duen urtaroak Loriartzunen bigarren edizioaren deialdia ekarri digu orain, hainbat erakunderen babesarekin eta enpresa askok bultzatuta. Udaberri honetan ere, Oiartzun lorez estaltzeko prest daude egitasmoaren antolatzaileak.  Datorren ekainaren 3 eta 4ko asteburuan ospatuko da jaia, Arditurriko bidegorrian. Udalerriaren garapen turistikoa ere naturari lotuta ulertzen dute ekimenaren bultzatzaileek eta Oarsoaldeko herri honek Euskal Herriko “Bihotz Berde”-tzat onartuta izateko moduko izaera duela defendatzen dute. Gainera, 2006. urteko Loriartzun Azoka honek erronka berrien usain gozoa dakar.

Loreekin, artea

Berrikuntza nagusienen artean, aipagarria da Ingurumen-Instalazioen Lehiaketa deitu dutena. Ingurumen-instalazioen kontzeptua ulertzeko, munduan zehar antzeko beste ekimenei begiradatxo bat botatzea baino ez dago. Filosofia horren erakusle oso argia da, esaterako, Gironan ospatzen duten “Temps de Flors” egitasmoa. Azken batean, paisajismoa eta lore eta landareen mundua artearekin uztartzeko saiotik jaiotzen dira ingurumen-instalazioak. Material naturalak erabiliz, eta sormen askatasun osoz, eskultura modukoak edo bestelako artelanak eratzeko proposamenaz ari gara.  
   Dagokigun kasuan, Oiartzun apainduko duten sormen lan naturalak eskuratu asmoz bultzatu da aipatu lehiaketa. Hogei lagunek azaldu dute parte har-tzeko asmoa. Horietariko batzuk profesionalak dira; beste batzuk, berriz, arte, paisajismo, diseinu edo arkitektura arloetako ikasleak. Era berean, zenbait kasutan talde batek eman du izena eta beste batzuk bakarka egin dute.
   Loriartzun festaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko hainbat txokotatik heldu dira Ingurumen-Instalazioen Lehiaketan parte hartzeko eskaerak: Donostia, Urretxu, Arrasate, Zizurkil, Azpeitia, Irun, Iruñea, Bera, Bilbotik... Bartzelonako parte-hartzaileren bat ere izango omen da.
   Beren lanekin Oiartzun eder-tzeko asmoa duten hogei autore horiek maiatzaren 18rako aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Hiru irabazle izango dira. Proposatutako instalazioaren egokitzea, obraren zuzendaritza eta 3.000 euro izango ditu bakoitzak sari gisa. Gainera, lan horiek Oieleku, Arditurri eta Elizalden kokatu nahi dira eta bertatik igaroko diren hiru ibilbide turistiko ezagutzera eman nahi ditu Udalak. Epaimahaiak maiatzaren 20rako esan beharko du zeintzuk diren irabazleak.

Pleno aretoaren apainketa

Zeru zabalari begira gozatu ahal izango da ekainaren 3 eta 4ean lore eta landareez. Esan dugun bezala, Arditurriko bidegorrian izango baita bilkura erraldoi hori. Hala eta guztiz, aurtengo bigarren berrikuntza bat beste espazio batzuen apainketa izango da.
   Horrela bada, Haurtzaro Ikastolak eta Elizalde Ikastetxeak beren instalazioak lorez jantziko dituzte eta naturaren gaiaren inguruan sortu dituzten eskulanen erakusketa jarriko dute Oiartzungo Udaletxearen Pleno Aretoan. Zaharren Egoitza eta Aiton-Etxe eguneko zentroko kideek ere Areto Nagusi horren apainketa lanetan parte hartuko dute. Ekainaren 3an, arratsaldez, Lartaun Abesbatzak bertan kon--tzertua eskaintzen duenerako, ederki txukunduta egongo da.
   Loriartzun Azokaren ezinbesteko partehartzaileak beren produktuak erakutsi eta salmentan
jarriko dituzten ekoizleak izango dira, jakina denez. Beren loreak, landareak edota artisautza lanak jendaurrean jarriko dituztenei Zabalegi Fundazioa gehituko zaio aurten, esaterako. Beren lantokian egiten duten lan sozialaren fruituetako bat orain gutxi ekoizten hasi diren xaboiak dira, adibide bat jartzearren.  

Boluntarioei deialdia

Bisitaririk izango ez balu, Loriartzun Azokak zentzua galduko luke, ziur. Baina hurbilduko diren lagunei ahalik eta harrera beroena egiteko ere, beste ba-tzuen laguntza ezinbestekoa da. Ekainaren 3 eta 4ean boluntario lanetan arituko diren herritarrez ari gara. Ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzeko, txartelak saltzeko eta beste hainbat ekintzetarako beharrezkoak izango dira. Adin guztietako jendea behar da eta guztiei diploma bat zein oparitxo batzuk emango zaizkie (943 261108). 

www.loriartzun.org

Volver a la edición 55

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo