Pasaian

Xabier Agote: «Albaola elkartera herritar gehiago gerturatzeko irrikitan gaude»

Publicado el 15 de mayo de 2006

Xabier Agote: «Albaola elkartera herritar gehiago gerturatzeko irrikitan gaude»

Han transcurrido unos ocho años desde que el constructor naval y arqueonavegante donostiarra Xabier Agote recalara en Pasaia con sus sueños de recuperar desde este puerto la memoria de la vasta y olvidada historia marítima vasca. De su tesón nacieron la Asociación Albaola y el Taller de Construcción Tradicional Ontziola. Con cada réplica de embarcación que construyen sus manos y las de sus compañeros, con cada expedición por mar, recomponen pedazos de un pasado que narra cómo vivía y navegaba la sociedad vasca de los siglos XI, XII, XVI... El camino no es fácil, pero su iniciativa de cultura, turismo, aventura y hermandad entre pueblos está logrando el reconocimiento de los pasaitarras.

-Euskaldunok historikoki itsasoarekin eta itsas ondarearekin izan dugun harreman estua berreskuratzea izan da zure helburua azken hamarkadan. Asmo horrekin sortu zenituen eta bultzatu dituzu Albaola elkartea eta Ontziola Zentroa. Sentimen hori berpizteko Pasaiatik zuk eta zure kideek egin duzuen lanaren balantzea zein da?

Orain zortzi urte egoeraren bat amestu banuen, orain daukaguna izan zen. Albaolak egin duen lanarekin oso pozik nago. Elkarteko kide bakoitzak ahal duen moduan laguntzen du. Gure proiektua ahalik eta zabalena izan dadin saiatzen gara, eta lagun askoren artean gauza oso politak egitea lortu dugu. Herri mailan, Pasaian, orain ari gara gure lanarekiko onespen bat lortzen. Hona iristea neketsua izan da. Oso argi daukat Pasaiak ez duela euskal kostaldeko beste herrien egoera bera bizi. Ekonomia aldetik, kutsadura aldetik etabar Pasaia gaixo dagoenez, herritarren artean gauzak egitea zailagoa da. Herri hau utzita dago eta guk ere egoera horren ondorioa jasan dugu. Baina, orain, herritar batzuk hasi dira konturatzen egiten dugun lanaren bitartez Pasaiaren sustapena bilatu nahi dugula. Gure apaltasunean, eta eragile garen mailan, Pasaia aldatzen lagundu dezakegula uste dugu. Eta herritarren aldetik onespena eta atxikimenduak jasotzen ari gara. Ontziola zabalik daukagu; ez gara inondik inora talde esklusiboa.

-Erakundeei dagokienez, nolakoa da Albaola eta Ontziolarekiko jarrera hori?

Oso pozik gaude hasieratik Oarsoaldea Eskualdeko Garapenerako Agentziak eskaini digun laguntza eta babesarekin. Bultzada horri esker ez balitz, itsas oroimenaren aldeko ekimen hau ez litzateke Pasaian egongo. Eskualdeko lau udalek ere, bakoitzak bere aldetik, atxikimendua erakutsi digute beti. Diputazioari dagokionez, “Apaizac Obeto” espedizioarekin Kanadara joaten lagunduko digu. Bestetik, duela hiru urte Ontziola San Pedroko Ondartxon kokatzeko hitzarmena sinatu zuen Diputazioak Oarsoaldearekin, baina konpromiso hori noiz gauzatuko den zain gaude oraindik. Jakina denez, Donibaneko Ontziolan ez daukagu lekurik San Juan galeoi garrantzitsuaren erreplika eraikitzeko. Bestetik, 2000. urtetik Ontziola martxan izan dugun arren, erakundeen laguntza urtez urte zehaztu izan da orain arte eta, beraz, ez geneukan bermatuta hurrengo urtean proiektuarekin jarraitu ahal izango genuenik. Egoera hori ez da positiboena; kezka eta zalantza handiak izan ditugu eta gure proiektu nagusiak ezin izan ditugu gauzatu. Erakundeak alde batera utzita, izugarri pozik gaude urte hauetan atzerrian lortu ditugun harremanekin. Hainbat itsasotan nabigatu dugu. Bretainiako Brest eta Douarnenez portuetan egiten den txalupa tradizionalen kontzentrazio erraldoian, bigarren ontzi hoberena gure “Ameriketatik” zela erabaki zuten epaileek 2004. urtean eta saria eman ziguten, 1.500 txalupen artean. Bestetik, “Navigating Peace” espedizioarekin 2003an Irlandan izan ginenean, sekulako arrakasta lortu genuen eta presidenteak bere jauregian harrera egin zigun. Beren Molly Malone abesti ezaguna euskaratu eta berarekin kantatu genuen. Bartzelonako Forumean ere izan ginen... Urtero nonbaitera joaten ahalegintzen gara, oso emaitza onak lortzen ditugulako.

-Zer da itsasoa zuretzat eta nondik jaio zitzaizun harekiko kontzientzia?

Itsasoan pozik nago. Lehorrean nagoenean, zoritxarrez estresatuta ikusten naute askotan lagunek, esku artean dugun ekimen hau aurrera atera nahian. Lagun horiekin itsasoan nagoenean, berriz, lasai nago. Badakit han alferrikakoa dela kezkatuta egotea. Indarrak betetzen dizkit. Betidanik gustatu izan zait itsasoa. Eta txikitatik sekulako gertutasuna izan dut hemengo egurrezko txalupekiko. Horietan nabigatzen saiatzen nintzen eta, era berean, oso azkar desagertzen ari zirela ikusten nuen. Etxean aitak ontzi txiki bat izan du beti eta lagunekin Donostiako portuan ibiltzen nintzen. Uhartera ere joaten ginen.

-Ontzi tradizionalekiko maitasuna lanbide bihurtu nahi izan zenuenean, Estatu Batuetara joan behar izan zenuen. Euskal Herrian eta Europan ez baitzenuen topatu ontzigintza ikasketak egiteko aukera eskaintzen zuen eskolarik.

Nik hemezortzi urte nitueneko garaia ez zen batere aproposa ontzigintza ikasteko. Ontziolak azkenekotan zeuden orduan. Zorionez, Estatu Batuetako Maineko Itsas Museoak duen Ontzigintza Eskolari buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebista frantsesean. 24 urte nituela, bertara joan nintzen ikasketak egitera eta, hiru urtez, itsas ondarea berreskuratzeko modu ezberdin bat ikasi nuen, hemen ez geneukana. Modu interaktiboa zen; itsasontziak eraikitzeaz gain, haiekin nabigatzen zuten eta jendeari itsasora gerturatzeko aukera ematen zitzaion. Era guztietako itsasontzi tradizionalen errepliketan nabigatzeko aukera izan nuen. Mainen aitzindariak izan ziren esparru honetan; Europan ez zegoen horrelakorik orduan. Han ikasi nuena, eta gerora beste leku batzuetan ere ikusi dudana, da orain ni hemen egiten ari naizena. Amerikako euskal diasporak Euskal Herriari oparitu zion Ameriketatik ontzia eraikitzeko, Mainera itzuli nintzen urtebetez.

-Handik bueltan, 1998. urtean, Ameriketatik txalupa hori Euskal Herriari aurkeztu zenion. Euskal itsas ondareari bul-tzada emango zioten proiektuak sustatzeko amets ederrak zenituen orduan buruan. Zergatik erabaki zenuen zure ekimen horien alde Pasaiatik lan egitea?

Hasiera batean Zumaian eman nuen nere proiektuaren berri. Bertako alkateak interes handia erakutsi zuen eta harremanetan izan ginen. Baina Oarsoaldea Agentziako gerentea den Fernando Nebreda ezagutu nuen gero, lagun baten bitartez, eta berak esan zidan nere ekimena Pasaian gauzatu zitekeela. Pasaia ezagutzen nuen (besteak beste, bi urte egin nituen Koxtapen arraunean) eta buruan neukan herri hau, nahiz banekien ez zela leku erraza... Fernandok proiektuaren alde bete betean egin zuen apustu.

-Zure ametsaren eta lanaren bi fruitu handiak Albaola eta Ontziola izan dira. Albaolak euskaldunek antzina erabil-tzen zituzten ontzien erreplikak egitea eta tripulatzea du helburu, gure itsas ondarea babestuz eta ezagutaraziz. Nolakoa da elkartea osatzen duen lan-taldea?

Ameriketatik txalupa eraiki ondoren hona heldu berri nintzenean, bakarrik nengoen eta nere asmoak nola dinamizatu aztertzen ari nintzen. Zorionez, herritar batzuk hurbildu zitzaizkidan, gehienak Pasaia-Lezo Lizeoarekin oso harreman estua zutenak. Oso jende jatorra. Markos Sistiaga eta Ane Miren Miralles, bi aipatzearren. Ordutik nerekin daude proiektuan eta gero jende gehiago etorri da. 2000. urtean Bretainiako Brest-Douarnenez txalupa tradizionalen kontzentrazioan parte hartu genuen. Bresteko portura sartzeko, milioi bat lagunek ordaindu zuten sarrera bost egunetan. Izugarria izan zen! Nik giro hura ezagutzen nuen, baina nerekin zeuden lagun haiek txundituta geratu ziren. Euskal Herrian zenbat daukagun oraindik egiteko ulertu zuten eta nik uste dut bertan guztiz kontzientziatu zirela. Hemen Albaola eta Iparraldeko Itsas Begia elkarteak gara itsas ondarearen alde lanean ari garenak. Besterik ez, euskaldunok dugun itsas historia bereziki aberatsa bada ere... Egun 50 bat kide gara Albaolan. Igandeetan arraunera ateratzen garenetan, horiek beste lagun batzuk ekartzen dituzte. Hasiberriak harritu egiten dira ordaindu gabe arraunera atera daitezkeelako.

-Kide berriak lortu nahiko zenituzkete?

Albaolara pasaitar gehiago hurbiltzeko irrikitan gaude. Kide izateko, 30 euroko kuota ordaindu behar da urtean. Baina nahiago dugu aurretik jendea elkartera hurbiltzea, ikustea zein lan eta jarduera egiten ditugun eta gurekin bat egitea. Gero kide izan nahi badute, onartuak izango dira. Elkarteko bazkideek gauza ezberdinetan lagundu ohi dute. Ez soilik arraunean. Izan daiteke bela bat josten, arraun bat konpontzen, musika jotzen ekitaldi bat antolatzen dugunean edo web orria eraikitzen. Hitzaren zentzu osoan, elkartea gara.

-Albaolaren eskutik, Ontziola Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroa jaio zen 2000.ean, Donibanen. Oso uzta oparoa izan du. Zortzi bat erreplika eraiki dituzue honezkero.

Zerbait maitatzeko ezagutu egin behar da. Ontziak itsasoaren arabera eraikitzen dira eta, hori dela eta, kultura bakoitzean ezberdinak dira, itsaso bakoitza ere ezberdina delako. Euskal itsasontziak mendeetan zehar garatuz joan dira eta hemengo beharretara erabat egokitu dira. Guk zorte handia daukagu: gure itsasoa oso zakarra izan daitekeenez, gure txalupak egoera horretarako egokituta daude eta horrek aukera ematen digu haiekin edozein lekutan nabigatzeko. Ontziolan eraikitzen ditugunak euskal kostaldean ibiltzeko sortuak dira. Oso onak, beraz. Gure asmoa urtero bat eraikitzea da. Gehiago ere egin genitzake, baina ate zabalik egiten dugu lan eta, eraikitzen ari garen bitartean, bi helburu betetzen ditugu.

-Hain zuzen ere, ontzigintza ikasi nahi duten lagunak prestatzen ditu Ontziolak eta, horrez gain, hurbiltzen zaizkizuen bisitariei egiten ari zaretenaren berri ematen diezue.

Noizbait San Pedroko Ondartxon edo orain duguna baino beste leku handiago batean kokatzea lortzen badugu, Ontzigintza Eskola bat sortzea da gure asmoa. Edonola ere, dagoeneko aukera ematen diogu jendeari gurekin ontzi eraikuntza ikasteko. Bertakoen artean harrobia sortzea izan baita hasieratik helburua. Eta kanpoko lagunak ere izan ditugu Ontziolan ikasten; Erasmuseko bost alemaniar, Frantziako bi ontzigintza eskoletako hainbat lagun praktiketan... Kanpotik etorritako bizpahiru lagun izaten ditugu beti gurekin. Gehiago ez dira sartzen. Oso polita eta oso atsegina izanda ere, gure Ontziola leku aldetik oso mugatuta dago. Eskerrak Diputazioak, behintzat, Ondartxon gauzak gordetzen uzten digula. Ontziolarentzat Ondartxoren kokalekua eskaini zigutenean, beste edozein aukera baztertu genuen. Alkateak Donibaneko eraikin berrian kokatzeko aukera eman zigun, baina guri ez zitzaigun zilegi iruditu bi leku eskatzea. Bestalde, formakuntzaz gain zabalkunde lana ere egiten dugu Ontziolan, bertara datorren jendeari azalpenak emanez. Turista asko datoz eta ez dute sarrerarik ordaindu behar. Frantses eta katalan ugari etortzen dira. Gainera, eskoletatik eta Arrokaundietako aterpetxetik taldeak hurbiltzen dira gure lana ezagutzera.

-Nolakoa da txalupa tradizional baten erreplikaren sortze-prozesua?

Eraiki nahi dugun txalupa ikertzen hastea da lehenengo lana. Donostiako Aquariumean hainbat ontzi tradizionalen planoak dituzte. Bestetik, gu orain zenbait kanadar ikerlarirekin harremanetan gaude. Kanadar itsasoan hondoratu ziren euskal txalupen inguruko informazioa ematen digute, guk haien erreplikak eraikitzeko. Beraiek arkeologoak dira eta ebidentzian oinarritzen dira. Zenbaitetan, halere, txaluparen hainbat ezaugarri galdu egin dira eta horietako asko guk osatzen ditugu, nabigatzen eta eraikuntzan dugun esperientziaz baliatuta. Ontzia eraikitzeko materiala bil-tzea da prozesuaren beste urrats bat. Horretarako, basoan lan asko egiten dugu, negualdean, formaren arabera zuhaitzak aukeratuz. Batez ere, Nafarroa Beherean, Izura herrian, egiten dugu lan hori, bertako Haize Berri elkartearekin lankidetzan ari garelako. Haiekin antolatzen dugu “Oihanetik itsasora” erakusketa ere. Aurten gai honen inguruko liburu bat argitaratuko dugu eta Pasaian bizi den Olivier Van Der Zee zinemagile holandarra “Oihanetik itsasora” prozesua dokumental batean jasotzen ari da.

-Beothuk txalupa eraiki berri duzue eta oraintxe esku artean duzuen erronka nagusia harekin Kanadan zehar “Apaizac Obeto” espedizioa egitea da.

Sekulako apustua egin dugu “Apaizac Obeto” espedizioarekin. Eta helburu bat dauka ekimen honek: Euskal Herriko itsas historiak ziur aski izan duen pasarte garran-tzitsuenaren berri eman nahi dugu: XVI. mendeko baleontziei dagokiena. Hain zuzen, Pasaia izan zen historia horretan Europako bale-porturik garrantzitsuena. Oso argi daukagu ez dugula beti asmatu gure proiektu guztietan. Agian ez dugu lortu horien zabalkundea egiteko orduan. Ekimenik erakargarrienak itsasoan egin ditugu eta itsasoa jendearengana eramatea lortu behar dugu. Horregatik, espedizio honi oihartzun handia eman nahi diogu. Egitasmoan parte hartuko duen Jon Maia bertsolariak honen inguruko liburua idatziko du. Pozgarria litzateke eskoletako haurrak espedizioaren nondik norakoak jakiteko irrikan egongo balira eta, modu horretan, itsas historia modu erakargarrian ikasiko balute. Espedizioak irauten duen denboran XVI.eko euskal bale eta bakailao gune guztiak aurkeztu nahi ditugu, Kanadako zientzialarien lankidetzarekin.

-Espedizio horren arrakastak euskal erakundeen jarreran eraginik izan dezakeela uste duzue?

Erakundeei erakutsi nahi diegu nolako gauzak egiteko gai garen eta egitasmoak oraindik hobeto gauzatu ahal izateko erakundeen laguntza ezinbestekoa dugula. Uste dut instituzioak konturatzen ari direla zenbateko etekina ateratzen diegun jasotzen ditugun dirulaguntzei. Ontziolak urtean 18 milioi pezeta inguruko aurrekontua baino ez dauka. Ontziolak martxan jarraitzen badu ez da soilik erakundeek diruz lagun-tzen dutelako, baizik eta elkarteak horretan jartzen duelako bere indar eta ilusio guztia. Guk sortu dugu eta guretzat amets bat da Ontziola. Horregatik, gure inplikazioa ez da bukatzen ordutegi batekin. Beti azpimarra-tzen dut nerekin jende asko ari dela lanean. Lanez gainezka eta nekatuta ibiltzen gara beti, baina badakigu noizbait erakundeek apustu sendoa egingo dutela proiektu honen alde. Baikorrak gara. Ezkorrak izan bagina, aspaldi itxi izango genituzke ateak.

-Baikortasun horren erakusle, Kanadan hondoratu zen San Juan galeoiaren erreplika eraikitzeko duzuen asmoa da. Baina, helburu hori ez al dago San Pedroko Ondartxon Ontziola berria lor-tzearen menpe?

Modu batean edo bestean, galeoia eraikiko dugu. Nola egingo dugun? Ikusiko dugu, baina eraikiko dugula badakigu. Bere garaian Ameriketatik txalupa Euskal Herrian sortzeko asmoa nuen. Ez nuen lortu. Gazteagoa nintzen eta, agian, ez nuen asmatu ze ate jo behar nituen laguntza lortzeko. Ez zuten nere proiektua ulertu. Zer egin nuen orduan? Argi neukan ez banuen hemen babesik lortzen, nere lanarekin Ameriketan, Txinan edota Ipar Poloan jarraituko nuela. Eta Ameriketara jo nuen nere proiektua gauzatzeko. Guretzat galeoia ez da soilik galeoia. Gehiago da. XVI. mendeko egoera berreskuratu nahi dugu; jakin nahi dugu ze harreman zuten kostaldekoek barrualdekoekin, ze ofizio zeuden, nola egiten zen lan... Itsas historiaren pasarte bat berreskuratu nahi dugu San Juan ontziaren bitartez. Edonola ere, eraikiko dugun galeoi hori mendiaren gailurra izanda ere, orain eraikitzen ari garen bale-txalupak teknologikoki hura bezain garrantzitsuak dira.

Ontziola
Donibane kalea, 33
943 344478
www.albaola.com

Volver a la edición 55

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo