Pasaian

San Lorenzo ibaian zehar 400 milia nabigatu ostean, itsasora iritsi zen «Apaizac Obeto» espedizioa

Publicado el 05 de julio de 2006

San Lorenzo ibaian zehar 400 milia nabigatu ostean, itsasora iritsi zen «Apaizac Obeto» espedizioa

Pasaiako Ontziolan eraikitakoa den haritz egurrezko Beothuk txalupak ondo daki dagoeneko bale-arrantzara orain bost mende abiatu zen bere ontzi bikiak zer-nolako pasarteak bizi behar izan zituen, naturarekin borrokan eta naturarekin bakean. Lerro hauek idazten ari garenean, itsas ondarearen aldeko Albaola elkarteak martxan jarritako “Apaizac Obeto” espedizioak hilabete egin du kanadar uretan nabiga-tzen. Hasierako 400 miliak San Lorenzo ibai erraldoian zehar eta, hortik aurrera, itsaso zabalean.

Beothuk ontzian Red Bay badiara abiatzen ari diren zazpi espedizionarioen helburua XVI. mendean gure arbaso euskaldunek bizi izan zituzten abenturak berpiztea da.

Kronikak interneten

Hala ere, itsasoak irentsi zuen Beothuk-en ahizpa zaharraren garaiak XXI. mende honetatik urrun daude. Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerei esker, abenturazale hauek non eta zertan dabiltzan ia egunez egun ezagutzeko aukera dugu orain lehorretik. Eskifaia-kidea den Jon Maia bertsolariaren web bidezko kronika ederren bitartez, gu ere Beothuk-en arraunean ari garela amestu dezakegu.

Maiaren idatziak irakurriz jakin ahal izan dugu Albaolako kideak Ameriketara eraman zituen hegazkinak lur hartu zuenerako, Montrealen Euskal Etxeko lagunak zain zituztela. Harrera bero horrek Quebec-en jarraipena izan zuen. Izan ere, “Apaizac Obeto” espedizioa aurkezteko hango kirol portu batean egin zuten prentsaurrekora eta txaluparen irteerara Quebec-eko eta Kanada osoko komunikabideak hurbildu ziren.

Euskal Herritik elkarrekin irten ziren tripulazioko sei kideei (Xabier Agote, Ane Miren Miralles, Markos Sistiaga, Iker Leizaola, Jon Maia eta Motxu), zazpigarrena elkartu zitzaien bertan: 22 urteko Aaron arrantzalea, Mi’kmaq tribuko ordezkaria eta bidaia berezi hori bere aitaren herriko kulturaren eta nortasunaren bila egiten ari dena.

Zenbait astez Beothuk-ek nabigatu duen San Lorenzo ibaiak 3.000 kilometro baino gehiago ditu (70 kilometroko zabalera hartzera ere iristen da) eta luzeran laugarrena da munduan. «Kondaira batek dioenez, behin deabrua ibaia oinez zeharkatzen hasi zen eta pauso bakoitzean uharte bat sortu zuen uretan», jakin dugu Maiaren bitartez.

Euskaldunen uhartea

Ibai haren uretan egin dituzten 400 milietan zehar, irla horietako batzuk ezagutu ahal izan dituzte “Apaizac Obeto”-ko kideek. Ile Brulée-n (Uharte Errea), urdaiazpikoa, gazta eta ardoa gustura dastatu zituzten otorduan. «Horra hor zer hiru gauza eramango genukeen irla bakarti batera», umoretsu Maia.

Ile aux Basques deritzon irlan (Euskaldunen Uhartea gure hizkuntzan) ere izan ziren. Bertara iritsi aurretik, itsasoan eguraldiak agintzen duela frogatu ahal izan zuten lagun hauek, ipar ekialdeko ekaitzak lau egunez Saint Jean de Port Jolie herrixkan geratzera behartu zituenean.

Euskaldunen Uhartera iristean, berehala ulertu zuten zergatik aukeratu zuten gure arbasoek irla hura. «Hegoaldeko sarreran, haitz handi zapalak ditu, harrizko hondartzatxoak tarteka, aldape leunean. Baleak baratzeko eta bertan xehatzeko leku ezin egokiagoa», azaldu du Jon Maiak.

Balea

Egiten ari diren bidean lehen balea ikusi arte, denbora dezente igaro zen. «Hantxe geldirik, ur leherketa handi bat entzun dugu ababorrera, denek biratu dugu burua, baina azkarrenek soilik ikusi dute: balea! 400 itsas miliatan, lehenengo balea».

Zorionez, lehen bale hura ez da izan ikusi eta entzun ahal izan duten bakarra. Bigarrena San Lorenzo ibaian ikusi zuten baita ere. Hirugarrena... itsasoan. 400 milia nabigatu ostean hartu zuten medio berria. Uztaila honetan iritsiko dira helmugara: Red Bay badiara. PASAIAN aldizkariak irailean emango dizue abenturaren amaieraren berri.

Bitartean, bizipen asko zain dituzte oraindik lagun hauek. Eta, Maiak dioen bezala, «arraunean ari zarela, buruak sarritan alde egiten dizu beste nonbaitera, paisaiari begira, arraunketa ezartzen duen ankekoaren palari begira, pentsamenduak etortzen dira, kantuak, oroitzapenak...». Eta «haizeak belari sabela puzten dionean, honek atseden une gozoak erdi-tzen ditu, popako elkarrizketak, kontuak, kantuak, otorduak...».

Albaolaren web gunea ezagutzeko, sakatu hemen

Volver a la edición 57

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo