
Publicado el 15 de septiembre de 2006
Es uno de los siete expedicionarios que, el pasado 15 de julio, arribaban a la bahía canadiense de Red bay a bordo de la txalupa Beothuk, réplica exacta de una ambarcación ballenera vasca que naufragó cinco siglos atrás en ese mar. Con la aventura «Apaizac Obeto», el sanjuandarra Markos Sistiaga ha sumado más de mil millas marítimas de navegación a su ya amplio curriculum de complicadas travesías por mar y tierra, y ha podido comprobar en primera persona la solidez de la txalupa en cuya construcción ha participado en el taller Ontziola.
-Hilabete baino gehiago igaro da Quebec eta Red Bay arteko «Apaizac Obeto» espedizioa arrakastaz bukatu zenutenetik. Zein da bidaia horrek utzi dizun bizipen edo sentsazio nagusia? Kanadako bidaia ekainaren 5ean hasi eta uztailaren 20ean bukatu zen. Baina abentura hau askoz ere lehenago hasi zen. Xabierrek [Xabier Agote, itsas ondarearen aldeko Albaola elkarteko lehendakaria] baleazaleen mundua berreskuratu behar genuela ikusi zuen. Hortik, Parks Canada erakundearekin harremana hasi genuen eta espedizioa burutzeko erabili dugun ontziaren planoak lortu ziren. Beothuk txalupa eraiki dugu, Kanadara garraiatu dugu... Ez da izan soilik bi hilabeteko esperientzia. Behin espedizioa amaituta, denon indarrak batuta egitasmo polita burutu dugun sentsazioa gelditu zait. Ederra izan zen Red Bayra iristea guk hemen egindako Beothuk erreplikarekin. Gauzatu dugu buruan luze izan dugun ametsa.
-Espedizioaren balantzea egin al duzue honezkero Albaolan? Bidaiatik etorri ondoren ez dugu oraindik denborarik hartu. Gure helburuak ziren historiaren zati bat berreskuratzea; erreka eta itsaso nahiko berezi eta zailetan nabigatzea Quebecetik Red Bayra; hango Mi’kmaq herriaren historia eta euskaldunekin antzina izan zuten harremana ezagu-tzea; eta hori dena zabaltzea eta gizarteratzea. Uste dut helburu batzuk bete ditugula eta beste batzuk betetzeko daudela. Dibulgazioari dagokionez, komunikabideetan azaltzea lortu dugu, baina zati garrantzitsu bat falta da. Durangoko Azokan espedizioaren dokumentala (Olivier Van Der Zeek egingo duena) eta argazki-liburua Jon Maiaren testuekin eman nahi ditugu argitara. Hamabi lagunek osatu dugu espedizioa. Bale-txalupan zazpi joan gara; zodiakean Jean Leonard argazkilaria, Olivier kameralaria eta Andoni Etxarri gidaria; eta lehorretik, kotxez, Kanadan bizi diren Urtzi eta Agurtzane kazetariak.
-Zuk, pertsonalki, nola bizi izan duzu espedizioa? Hamabi per-tsonek hartu dugu parte, baina bakoitzak era ezberdinean bizi izan dugu. Beothuk ontzia Gorka Amunarrizek, Xabier Agotek eta nik eraiki genuen. Nere ardura nagusia, beraz, txalupa ondo nabigatzea zen eta izan zitzakeen arazo guztiak konpontzen joatea. Esan daiteke Kanadan probatu genuela ontzia lehen aldiz eta oso ondo ibili da. Alde horretatik, oso gustura gelditu naiz. Bestetik, bidaia biribila izan dela iruditzen zait. Quebec eta Montreal hiriak bisitatu genituen eta gero zibilizaziotik pixkanaka urruntzen joan izan bagina bezala izan zen. San Lorenzo ibaitik eta itsasoz, zibilizazio primitiboruntz.
-XVI. mendean murgiltzen ari zinela iruditu zaizu uneren batean? Uste dut balea lehen aldiz ikustean izan genuela inpresio handiena zentzu horretan. Gaspé izeneko penintsulan ginen. Eguraldia hotz samarra zenez, larruak jantzita genituen. Orduan, balea ikusi genuen. Une horretan, garai bateko arrantzaleek zer sentituko zuten etortzen zaizu burura; haien azalean jartzen zara. Azken batean, guk baleak ikusi nahi genituen, baina XVI. mendeko gizon haiek ehizatu egin behar zituzten. Bale asko ikusi ditugu, baita belugak ere.
-Unerik latzena? Hondartza jakin batean sartu ginenekoa. Itsasoa bare zegoen arren, harrotzen hasi zen txalupa eta zodiaka hondarrean utzi genituenean. Ontzietan ura sartu zen eta batez ere zodiaka hondoratzen hasi zen. Handik azkar atera behar izan genuen. Beste une oso latz bat “moskitoen gaua” deitu duguna izan zen. Arrantzale-biltegi batean sartu ginen lo egitera eta eltxoak ugarituz eta ugarituz joan ziren. Gogorra izan zen.
-Bestetik, ekaitz bortitz batek zenbait egunetan nabigazioa galarazi zizuen. Espedizioa atzerapenez hasi zen, kontainerra Kanadara behar zuena baino bost egun beranduago iritsi zelako. Ekainaren 1ean atera beharrean, 5ean atera ginen. Hirugarren egunerako haize txarra zebilen eta ezinezkoa zen errekan nabiga-tzea. Eta guk egun finko bat genuen Red Bayra iristeko: uztailaren 15a. Bidaia arraunean eta belaz egiteko asmoa genuen baina, garaiz iristeko, gure beste aukera zen bidearen zatiren batean zodiakarekin ontzia atoian eramatea. Une jakin batean, erabaki zail hori hartu behar izan genuen. Horrelakoetan, frustrazioa sor-tzen da. Baina, azkenean beste nabigazio mota bat dela pentsatu beharra dago. Askotan, gogorrena. Guk eramaten genuen zodiaka; gure menpe zegoen nabigazioa. Gainera, atoian zoazenean, itsasoa kontra badago, ur asko sartzen da. Arraunean ordu asko egin ditugu eta belaz ere oso ondo ibili gara.
-Nolakoa izan da taldekideen arteko bizikidetza? Bi arlo alderatuko nituzke. Bata itsasoa, bestea lehorra. Lehorrean, bakoitzak bere funtzioa zuen eta bakoitzaren lanak eta ardura zehatzak gehiago azpimarratzen ziren. Itsasoan, berriz, puntu batetik ateratzea eta beste batera iristea zen helburua eta denok horretan jartzen genuen indarra. Itsasoan batzuetan norbaitek hartu behar ditu erabakiak (patroiak, normalean) eta besteek bete egin behar dituzte. Izan daitezkeen arazoak eta eztabaidak lehorrera eraman behar dira eta bertan konpontzen saiatu. Bestetik, espedizio honetan oso talde trinkoa sortu dela uste dut. Mi’kmaq tribuko Aaron tripulazioko kidearekin hizkuntza izan genuen arazo nagusia, berak ingelesez soilik hitz egiten duelako. Baina, denon borondatearekin, arazo horri aurre egin genion.
-Bidaia honetan ezagutu dituzuen lagun guztien artean, aipatuko al zenuke bereziki interesgarria iruditu zaizun norbait? Jendea azpimarratuko nuke, orokorrean. Kanadan aurkitu duguna jende sanoa iruditu zait. Oso harrera ona egin digute. Egia da iristeko moduak ere asko esan nahi zuela; ez da berdina kotxez iristea edo gurea bezalako ontzi batean. Han itsasoa ezagu-tzen dute eta halako txalupa txiki bat nondik zetorren eta nora zihoan jakitea harrigarria egiten zi-tzaien.Baina iruditzen zait hemen, horrelako asmo baten aurrean, mesfidantza handiagoa izango lukeela jendeak; han, berriz aholkuak eta laguntza ematen zizkiguten. Sarri, iristen ginen lekuetako herritarrek garaje bat edo beren etxea eskaintzen zizkiguten lo egiteko. Hamabi pertsona ezezagun ginen eta, halere, lanera joaten zirenean etxea uzten ziguten. Kostazainen jarrera ere adierazgarria zen. Hemen paperak eska-tzea izaten da lehen gauza; hangoek laguntza eskaintzen ziguten. Eta Parks Canadako Robert Grenier arkeologoarekin bidaia osoan izan dugu harremana.
-Orain bost mende gure arbasoei babesa eman zieten hainbat paraje bisitatu dituzue. Euskal kokaleku guztien artean gustukuen izan duzuna? Euskaldunen Uhartea (Ile-aux-basques) izan zen neretzat politena. Eskualdeko alkatearekin izan ginen eta historiaren berri eman zigun. Euskaldunek Pasaian egindako ontziekin han izango zuten bizimodua imajinatzeko aukera izan genuen. Baleak non igo eta non zatikatzen zituzten antzematen zen. Koipea ateratzeko garaiko bi labe oraindik han daude. Harri zabalez osatutako hondartza bat ere badago eta bertan balea irudikatu dezakezu. Barratxoan, Portutxoan edota Opor Portun ere izan ginen. Azken hura ikusita, izen hori zergatik jarri zioten ulertzen da. Leku atsegina da, nahiko babesean dago...
-Uztailaren 15ean Red Bayra iristean, nolako harrera egin zizueten? Bi harrera ezberdinduko nituzke. Bezperan, uztailaren 14ean, Red Baytik hamar itsas milietara kokatutako badia txiki batera iritsi ginen eta, bertan, hemendik joandako lagunek egin ziguten harrera. Gaueko 10ak aldera iritsi ginen eta ez zegoen inor. Bat-batean, beste bi ontzitan azaldu ziren, trikitixa eta txalaparta soinu artean. Hurrengo egunean Red Bayra heldu ginen eta han euskaldun eta bertako tribuen festa egin zen. Euskal Herritik Karidadeko Benta, Iruñeako txalapartari batzuk edota Maialen Lujanbio bertsolaria izan ziren. Bertako erakundeetako ordezkaritza zabal bat zain genuen. Red Bay 300 biztanleko herri bat da eta bertakoentzat festa egun handia izan zen. Han agertu dira hondoratutako lau baleontzi (XVI. mendeko San Juan galeoia tartean) eta Euskal Balezaleen Museoa daukate. Red Bay herri arrantzalea zen, baina bakailaoa desagertzearekin batera, kutsu hori galdu du.
-«Apaizac Obeto» ez da izan zure lehen espedizioa. Albaolarekin egindako beste batzuen aurretik, Eskandinaviako «Hiru pauso, hiru norabide» (eskia, piragua eta bizikleta) egitasmo ezagunean parte hartu zenuen, adibidez. Nola sortu zen zure abenturazaletasun hori? Ez dakit nondik datorkidan. Alde batetik bestera mugitzea gusta-tzen zait, medio propioak erabiliz. Txirrindan ere bidai asko egin izan ditut, Galiziatik, Korsikari buelta emanez, Pirinioak zeharkatuz... Lekuak bisitatzea eta jendearekin harremana izatea gogoko dut. Nairobitarra autobusak Eskandinaviara egin zuen bidaia batean, Josu Iztueta (Angel Ortizekin batera Nairobitarraren bultzatzaile izandakoa) ezagutu nuen. Josuk buruan asmoak ditu beti eta horietako bat «Hiru pauso, hiru norabide» zen. Parte hartu nahiko nukeela esan nion eta 1998.ean egin nuen. Espedizioekin beti izaten dudan sentsazioa hau da: irteteko momentuan oso bide luzea daukazu egiteko eta, horretarako medioa txalupa, piragua edo txirrinda izanda, oso zaila iruditzen zaizu. Baina, pixkanaka, bidea egiten zoaz. Talde guztia horretan saiatzen da eta iristen da. Nik uste dut burua dela garrantzitsua. Burua espedizioan kokatuta izateak ematen dizu indarra. Gogoa badago, egiten da.
-Horrelako esperientziek gure gizarteari buruz duzun ikuspegia aldatuko zizuten, ziur. Bai, perspektibak zabaltzen zaizkizu, are gehiago San Juan bezalako herri txiki batean bizi zarenean. Konturatzen zara zenbateraino gauden askotan itxita edo gure buruari begira. Ahaztu egiten zaigu beste bizimodu mota ezberdin asko daudela eta gure bizitzarekin gauza ezberdinak egiteko aukera dugula. Gaitasun asko dauzkagu garatzeko. San Juanen oso ondo bizi zaitezke, baina ez da bakarra munduan.
-Donibaneko Ontziolan egiten duzu lan. Nolakoa izan da ontzigintza lanbidea ikastea? Albaola elkartearekin kolabora-tzen hasi nintzen eta, eskulana ere gustuko dudanez, pixkanaka tailerrean lanean hasi nintzen. Lanbidean geroz eta gehiago aritu, ikasteko zenbat dagoen konturatzen naiz. Oso mundu zabala da hau. Bretainian edo tradizio asko duten beste herrialde batzuetan ikusten da jendeak zenbat dakien ontzigintzaz.
-Kanadatik bueltan, Bretainiako Douarnenez portuko txalupa tradizionalen kontzentrazio erraldoian izan zarete. Oso era erlaxatuan nabigatu dugu hango badian. Espedizioan beste tentsio bat genuen, puntu batetik atera eta beste batera iristeko beharra genuelako; eguneroko tentsio puntu hori gogorra da. Douarnenezekoa disfrutatzeko beste modu bat da. Bi urtetan behin egiten den kontzentrazio horretan itsas ondarearen berreskuratzearen aldeko beste elkarteekin harremana izaten dugu eta Oarsoaldea eskualdeak stand bat jartzen du hemen egiten ari garena ezagutzera emateko.
-Ez al zaizu iruditzen euskal gizartea lokartuta dagoela bere itsas ondarearen memoriari dagokionez? Itsasoari begira bizi beharrean, gaur egun bizkarrean dugula uste dut. Ulertezina da. Pasaian lehiako arraunak garrantzitsua izaten jarraitzen du, baina beste kultura guztia galdu da. Eta ikuspegi ekonomikotik begiratuta ere, interesgarria litzateke berreskuratzea.
-Edonola ere, Pasaian harrera beroa izan duzue espediziotik bueltatzerakoan. Hala da. Meipin herritarrak zeuden gure zain eta aurreskua dantzatu ziguten. Auzo elkartearen ekimenez, harrera ederra egin zitzaigun.
-Ametsen bat itsas ondarearen aldeko ibilbide honetan? Lan honekin jarraitu ahal izatea, pixkanaka gure itsas ondarea berreskuratuz. Hori da gure lana eta horrekin jarraituko dugu. Hainbeste dago egiteko! Beste lekuetara joateko proposamenak ere iristen zaizkigu. Hor daukagu, adibidez, Islandiako proiektu bat.