Pasaian

Donibaneko termikaren aurrean protesta eginez amaitu zuen Greenpeacek Energia Berriztagarrien Martxa

Publicado el 15 de octubre de 2006

Donibaneko termikaren aurrean protesta eginez amaitu zuen Greenpeacek Energia Berriztagarrien Martxa

Aldaketa klimatikoari aurka egiteko, C02 isurpenen murriztapena eskatu zuen Estatuko iparraldean zehar egindako ibilbidean.

Europako zentral termikorik ku-tsatzaileena den A Coruñako As Pontesen hasi zuen Greenpeacek Energia Berriztagarrien Martxa izeneko ekimena irailaren 11n eta, hil horren 22an, Pasaian Iberdrolak duen instalazioaren aurrean bukatutzat eman zuen.
Gure planetak bizi duen aldaketa klimatiko kezkagarria geldiarazi nahi du gobernuz kanpoko erakunde honek eta, horretarako, erregai fosila erabiltzen duten zentralek eragiten dituzten CO2 isurpen kaltegarriak geldiaraztea funtsezkotzat jotzen du. Era berean, energia berriztagarriek (eguzkiarena, olatuek eragin dezaketena, hidraulikoa, eolikoa, geotermikoa...) egungo energia zikinak (zentral termikoek eragindakoa bereziki) ordezkatu behar dituztela aldarrikatu nahi izan zuten egitasmoaren bultzatzaileek.

Zazpi kontzentrazio

Pasai Donibaneko termikaren aurrean irailaren 22ko iluntzean Greenpeacek deitutako protesta ekitaldia zazpi kontzentrazioren artean azkena izan zen. Erakunde ezagun honek ohikoa duen bezala, era deigarrian, iritsi zen Pasaiara. Galiziatik egindako ibilbidean zehar zaldia, bizikleta edota piragua bezalako garraiobideak erabili bazituzten, gure badiara belaontzi batean iritsi ziren. Energia Berriztagarrien Martxa hau burutu zuten boluntarioek zain zituzten Donibanen hainbat herritar, egitasmoari atxikimendua erakusteko asmoz.
«Menos C02, más renovables» zioen Greenpeacen pankartaren ondoan, Jaizkibel Bizirik taldeak zentral termikoen aurka (eta bereziki Pasaiakoaren aurka) zabaldu zuena ikusi ahal izan zen, Iberdrolak ikatza erre-tzeko herrian duen tximinia erraldoiaren aurrean. Gizarte eragileek instalazio hau oso kutsatzailea dela salatu izan dute sarri eta bere itxiera eskatu izan dute behin baino gehiagotan. Greenpeace izen handiko erakundea ados dago. Planetarentzat eta inguruan bizi diren bizilagunentzat kaltegarria izateaz gain, termika hau mantentzea zentzugabekeri bat dela uste du, ez baita batere eraginkorra: energia gutxi eta CO2 gehiegi ekoizten ditu.

Potentzialtasun handia

Bere salaketa ekimenaren atzean proposamen bideragarri bat badagoela garbi utzi nahi izan zuen Greenpeacek. Hain zuzen ere, aurkeztu zuten ikerketa baten arabera, martxan zehar bisitatutako autonomi erkidego bakoitzak energia berriztagarrien bitartez bere kontsumo beharrei erantzuteko moduko potentzialtasuna du. Hala omen da ere Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan. Alternatiba horren aldeko apustua egin dezatela eska-tzen die, beraz, horren inguruko erabakiak har ditzaketen erakundeei, 2050 urteari begira.

Lau termika EAEn

Zornotzakoa, Zierbenakoa, Santurtzikoa eta Pasaiako zentralak dira egun Euskal Autonomia Erkidegoan martxan daudenak. Araban eta Pasaiako etorkizuneko kanpo portuan beste bi ezartzeko asmoak daude, bi kasuetan gas naturala erabiliz. Egun Donibanekoa da elektrizitate gutxien ekoizten duena eta bereziki zaharkitua dago gainera.

Volver a la edición 59

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo