Pasaian

Zirkuitu ikusgarria aukeratuz eta berrerabil daitezkeen edalontzien aldeko apustua eginez, asmatu egin du Kilometroak 06k»

Publicado el 15 de octubre de 2006

Zirkuitu ikusgarria aukeratuz eta berrerabil daitezkeen edalontzien aldeko apustua eginez, asmatu egin du Kilometroak 06k»

Ainara Artola Aristizabal, Gipuzkoako ikastolen aurtengo festaren koordinatzailea

-Kilometroak 2006 ospatu zenetik aste batzuk igaro direnean, zein da festa horren inguruan Haurtzarok, ikastola antolatzaileak, egiten duen balorazioa?
Oso positiboa. Eguraldiak lagundu zuen eta jende asko hurbildu zen. Lagun horiek utzitako dirua oraindik zehaztu gabe dago, gastuak etabar kendu behar direlako. Baina, orokorrean, gustura gelditu gara eta gure aurreikuspenak bete dira. Badakigu etorritako jendea ere gustura egon zela, hurrengo aste guztian zehar zoriontzea helburu zuten mezuak eta deiak jaso genituelako. Hori hunkigarria da eta poztasuna ematen du.  
-Zer izan du berezia Oiartzungo Kilometroak? Zertan uste duzu asmatu duzuela batez ere? Nik uste dut zirkuituarekin asmatu dugula. Eguraldi onarekin ibilbide ikusgarria da. Bazeuden leku batzuk Aiako Harria eta Oiartzun oso ondo erakusten zutenak, eguraldi onarekin beti ere. Oiartzunen ditugun paraje ederrekin, zirkuitu itsusia egitea ia ezinezkoa da, dena den. Bestetik, berrerabil daitezkeen edalontzien aldeko apustua izan da arrakastatsua. Hasieran bagenuen gure kezka, ez genekielako asmo horrek zein harrera izango zuen. Hain jende kopuru handia mugitzen duen ekimen batean, horrelako apustua egin den lehen aldia izan da. Eta jendeak oso ongi hartu du. Zirkuituak oso itxura garbia eskaini zuen. Garbitasun Batzordeak ahalegin berezia egin du horretan. Eta edalontzi horiek erabiltzeak zabor kopurua dezente jaisten du.  

-Atzera joaterik balego, zer uste duzu egin zitekeela modu ezberdinean festa hobetzeko? Beti egongo dira hobetzeko moduko gauzak, baina, oraintxe, ez zait ezer berezia bururatzen. Hemendik hilabete pare batera gauza gehiago aterako dira.  

-Kilometroak 2006k ez du oraindik bere lana bukatu. Zer geratzen zaizue oraindik egiteko? Jendearen aurrean egiten diren ekimen eta ekintza guztiak bukatu dira. Isileko lana geldi-tzen zaigu orain: kontuak kitatu, memoria idatzi, balorazioak egin, hurrengo urteko Kilometroak antolatu behar duten Bergarako kideei gure esperientzia transmititu, bolondres ibili direnei beren lana eskertu... Batzorde guztiak lanean ari dira oraindik.

-Kilometroak jaia handitzen ari da, besteak beste geroz eta gehiago direlako urtean zehar eskaintzen dituen ekimenak. Normala da urtetik urtera ekimen berriak sortzea. Edizio bakoitza antolatzen dutenek urtebeterako ardura hartzen dute eta fresko daude. Guk Bergarari pasa diogu testigua eta indarberrituta hasiko da lanean. Badaude pertsona zehatz batzuk Kilometroz Kilometro dabiltzanak, baina boluntarioak eta ikastola jakin horren inguruko pertsonak berriak dira eta ideia berriak dituzte. Horregatik, Kilometroak oso fresko dago eta ez dago nekerik. Urtez urte gogoak eta grinak sortzen dira.  

-Ainara Artolarentzat, pertsonalki, zer nolako esperientzia izan da festaren koordinatzaile izatea? Urte gogorra izan da. Baina, era berean, erronka bat zen. Ni ikastolako ikasle ohia naiz eta bertan lanean ibili izan naiz irakasle bezala. Eta norberaren ikastolari horrelako zerbaitetan hondar-alea ematea oso aberasgarria da. Gogoz eta ilusioz hasi nuen lana. Dena ez da erraza izan, eta edozein lanpostuetan agertzen diren tirabiratxoak izan dira hemen ere. Baina oroitzapen polita geldituko zait. Jende asko ezagutu dut. Pertsona bakoitza mundu bat dela konturatu naiz. Eta hori, aberatsa den bezala, zaila ere bada.

-Asko pentsatu behar izan zenuen koordinatzaile lanaren ardura hartu aurretik? Beno, bai, buelta batzuk eman nizkion. Baina ilusioa neukan eta gaztetan horrelako zerbait egiten ez baduzu... noiz?

-Nola bizi izan zenuen festa eguna? Bezperan lo egiterik izan zenuen? Bai, primeran egin nuen lo, aste guztia gaizki eta gutxi lo egiten eman ondoren. Gauza bitxia gertatu zitzaidan: igande goizean esnatu nintzenean, ez nekien laneguna zen, oporretan nintzen, zer egin behar nuen... Egun horretako lanari dagokionez, koordinazio zentroan egon behar nuen, agertzen ziren beharrei erantzuteko. Eta zinta-mozketan zein omenaldi ekitaldian aurkezle lana egitea egokitu zitzaidan. Goiza pixka bat lasaitu zenean, koordinazio zentroan zebiltzan motorzaleetako bati esan nion zirkuitutik eraman behar ninduela giroa ikustera. Goizeko urduritasunen ondoren, lasaitu egin nintzen eta disfrutatu egin nuen.    

-Zein gomendio emango diozu Bergarako Kilometroak 07ko koordinatzaileari? Urriaren 1ean egon nintzen berarekin. Nere telefono zenbakia eman eta behar duen edozein momentutan deitzeko esan nion. Lasai egoteko aholkatu nion. Ikastolen Elkartetik babes eta laguntza handia izango duela eta jendea egitasmoan inplikatzen dela. Batez ere, batzordeetako arduradun lanetarako jende egokia aukeratzeko aholkua eman nion.    

-Gogorarazi zein erronkei egin ahal izango dien aurre Haurtzarok Kilometroak honi esker. Nagusiena eraikuntza berria egitea izango da. Ikastolan espazio falta daukagu. Hirugarren lerroa indartzen ari da. Herria handitzen ari delako, matrikulazioa ere gora doa.

Volver a la edición 59

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo