Pasaian

Jende gehiagok txirrinda erabil dezan, segurtasun handiagoko bideak behar dira

Publicado el 11 de octubre de 2007

Jende gehiagok txirrinda erabil dezan, segurtasun handiagoko bideak behar dira

Hiru txirrindularik beren esperientziak kontatu dizkigute

Iñaki Azkarate
Oiartzundik Errenteriara
Iñaki Azkaratek lanera joateko erabiltzen du txirrinda. Hain zuzen ere, Oiartzungo Altzibar auzoa eta Errenteriako erdigunearen arteko ardatzan mugitzen da egunero (euria egiten ez badu, behintzat), joan-etorrian. «Nere ohiko garraioa da bizikleta», esan digu. Autobusez bezala, 15-20 minutu behar ditu iristeko.
   Bere eguneroko bide horretan aurkitzen dituen punturik zailenak zeintzuk diren jakin nahi izan dugu. «Gaindiezinak diren puntuak ez ditut aurkitzen, baina bai borondate berezia eskatzen duten batzuk. Nik txirrinda ez dut erabiltzen kirola egiteko edo aisialdirako, eta lanera izerditan iritsi beharra ere...». Lehen gune zaila Errenteriako “hegoaldeko errepidea” (“vial sur” delakoa) eta bigarren saihesbideko zubiaren lanen ondorio da.  «Fanderiatik moztuta dago bidea eta orain Ertzaintzaren kuartelaren malda igo beharra dago, Arraguan».
   Gainera, trafiko handia izaten da. «Kontzientzia, abilezia eta ohitura baduzu, ondo, baina jende berria txirrindan hastea nahi badugu, segurtasuna eta erosotasuna eskaini behar zaizkio». Azkaratek uste du obra horiek lehenbailehen bukatu beharko lituzketela edo, bitartean, bide alternatibo bat eskaini.
   Bestetik, leku estuetan txirrindularia eta oinezkoa elkartzen direnean, zailtasunak sortzen dira. «Badago aspalditik gatazka sortzen den gune bat: Fanderia, Oiartzun ibaiaren parean, Touring futbol zelaiaren inguruan». Konponbidea zein den? «Gatazkak kudeatzeko daude. Tarte batzuetan bereiztu egin beharko dira oinezko eta bizikleta trafikoak. Horretan tradizio handia duten nazioak badaude Europan», esan du Azkaratek.  

Unai Garin
Trintxerpetik Grosera
Unai Garin hasiberria da txirrindan. «Orain dela hilabete batzuk hasi nintzen ohiko tokietara bizikletaz joaten. Kilotxo batzuk nituen jaisteko, eta gida-baimena oraindik lortu ez dudanez...», esan digu irribarretsu. Eguraldi ona egiten duenean, Trintxerpetik Grosera joaten da bi gurpileko ibilgailu ez kutsa-tzailean, baina, hori bai, espaloitik jaitsi gabe. «N-I errepidea oso arriskutsua da, eta ez naiz ausartzen bertatik ibiltzen».
   Ohitura horrek, noski, arazoak ekartzen dizkio Unairi; aipatzen duen bezala, «hemen jendea ez dago ohituta, eta oinezko askok aurpegi txarrak jartzen dizkizute, batez ere Mirakruz gainan. Pozik joango nintzateke Donostiaraino bidegorriren batetik, baina momentuz aukera hori ez daukagunez, elkarrekin bizi-tzen ikasi beharko dugu». Bere iritziz, arazoa ez dago normalean hirigunean, herri batetik bestera joateko bidean baizik.

Carmen Elorza
Lezotik Oiartzunera
Carmen Elorza lezoarrarentzat ere, errepideak arriskutsuak dira, «batez ere euriarekin, irristatu egiten zarelako», azaldu du. Bere ustez, autoa eta motorra alde batera uzteko aukera gutxi daude, batez ere Oiartzun eta Errenteria artean. «Lezotik Errenteriara joateko ez dago inolako arazorik, baina bai Oiartzunera iristeko», kexu da.
   Gainera, «autobusak garestiegiak dira, eta txartel bakarra ez da konponbidea».

Volver a la edición 70

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo