
Publicado el 25 de abril de 2008
Nahiz eta bere haurtzaroan musikak ez erakarri, gaur egun mundu horretan buru-belarri sartuta dago Josu Elberdin sanpedrotarra. Musikari, abeslari, eta konpositore honen obrak ezagunak egin dira mundu mailan. Izan ere, berak idatzitako piezak Kanada, Txekiar Errepublika eta Japonia bezalako herrialdeetan jo eta abesten dira. Pasaiari eman dion azken altxorra Trintxerpeko Ur-Gaiñ elkartearen ereserkia da; bere obra zabalaren azken pieza.
-Berrogeita hamar urte betetzen dituen urtean, Ur-Gaiñek ereserki bat du. Nondik sortu zen ideia?
Mende erdiaren urteurrena ospatzeko, Txintxerpen hain integratuta dagoen elkarte honek zerbait berezia nahi zuen. Aspalditik antolatu du Ur-Gaiñek barrutiko danborradetako bat eta, horregatik, danborrez eta barrilez jo daitekeen ereserki bat nahi zuten. Urrian jaso nuen konposizioa idazteko eskaera formala, asmo konkretu batzuekin. Lehenik eta behin, herrikoia izan behar zen, hau da, alaia, jotzeko erraza eta mundu guztiak berehala ikasteko modukoa. Halaber, hitzik ez edukitzea ere eskatu zidaten.
-Noiz estreinatuko da jendaurrean lehenengo aldiz?
Maiatzean, urteurrenaren astean. Ereserkia bi egunetan joko da: 16ko ekitaldi nagusian, danborrada batean; eta 18an, Illunbe Musika Bandak eskainiko duen kontzertuan.
-Hau izan da zure azken proiektua orain arte. Nola hasi zinen musikaren munduan?
Hasiera batean ez nuen musika ikasteko batere asmorik, agertoki batean aurpegia erakusteko lotsatiegia bainintzen. Egia da betidanik sumatu dudala oso belarri ona daukadala. Oso gaztetatik ibili naiz San Pedroko elizako organoa jotzen. Baina nire gaztaroa arte ez nintzen hasi musika benetan ikasten. Edonola ere, denborarekin horren gustura sentitu nintzen, ezen oso azkar burutu nituen kurtso guztiak, gaur egun Musika Eskola den Pasaiako Kontserbatorioan. Orain, bertako irakaslea naiz.
-Zeintzuk dira zure espezializateak?
Pianoa, organoa, musika hizkuntza (hau da, garai bateko solfeoa) eta musika idazteko balio duen harmonia, adibidez. Musika Eskolako abesbatza ba-tzuk zuzentzen ditut, eta instrumentu asko batzen dituzten “konbo” direlako saioak ere nire erantzukizun dira. Nire eskolak lau urteko umeetatik hasi laurogei urteko “gaztetxoetara” zuzenduta daude.
-Pasaiatik kanpo dagoen abesbatzen batean ere parte hartzen duzu.
Bai, adibidez, Martuteneko Ibaiertz abesbatza zuzentzen dut. Nik neuk gero eta gutxiago abesten dut, baina oraindik parte hartzen dut Pasaia Abesbatzaren kontzertu batzuetan. Hortik kanpo, Euskal Herri osoko musikariak elkartzen dituen Kup taldeko kidea ere banaiz.
-Nola ikusten duzu musikaren egoera Pasaian?
Herri honetan talde aniztasun handia dago, eta horietako asko oso onak dira, gainera. Arazoa da bereizketa nabarmena dagoela horien artean, bai musikalki eta baita fisikoki ere, barruti bakoitzak bere identitate propioa duelako. Horrek zenbait eragozpen dakartza, adibidez, finantzazioa lortzeko orduan. Gainera, udalerri osoan ez daukagu auditorio egoki bat ezaugarri jakin ba-tzuetako saioak eskaintzeko, nahiz eta duela denbora asko baldintza egokietako bat egingo zutela zin egin ziguten. Udalak ahal duena egingo du, baina, nere ustez, argi dago batzuetan ez dela nahikoa.
Konposizio eta moldaketen artean, Josu Elberdinek 100 obra baino gehiago ditu. Azken urteotan, umeentzako ipuin musikaletan espezializatu egin da. Horien artean, Alami hostoaren istorioa nabarmentzen da, mundu mailan nahiko ezaguna egin dena.
Modu berean, sanpedrotar honek ez dio bizkarra eman azken urteotako musikari. Andoni Morianoren hitzei musika jarri zien musikal batean, eta rock-pop abesti batzuen moldaketetan parte hartu zuen Errenteriako Musikasten.