
Publicado el 11 de abril de 2008
Joko Olinpikoetara joango diren piraguista guztien izenak ez daude oraindik erabakita. Zerrenda ixteko, maiatzaren 15etik 18ra arte ospatuko den Europako Txapelketa arte itxaron beharko dugu. Haatik, kiniela askotan Pasaiako badian entrenatzen eta eguneroko bizia egiten duen kirolari baten izena gogor aipatzen da, Ekaitz Saiesena, hain zuzen ere. 26 urteko añorgatar honek konfiantza handia du bere buruan. Areago, eta berak esan duen bezala, ez zaio burutik pasa ere egiten Beijing-eko Joko Olinpikoetan ez egotea.
-Añorgatarra zara, baina Pasaiako badia aukeratu duzu zure entrenamenduak egiteko.
Eta ez bakarrik entrenamenduak, ia nire eguneko ordu guztiak Pasaian ematen baititut. Nire taldea Donostia Kayak da, eta Pasaian egiten ditugu entrenamenduak. Txikia nintzenetik ur hauek izan ditut oso gustuko, eta horrenbeste ordu sartu ditut badian ezen egin ditudan lagun gehienak pasaitarrak dira.
-Olinpiadetara joateko hiru toki geratzen dira soilik Europako Txapelketan parte hartuko duten piraguista guztien artean. Nola ikusten dituzu zure aukerak?
Finalera iristea lortzen badut Milanen, gero Beijingera joateko nahiko aukera dauzkadala uste dut. Bi edo hiru izen potolo daude sailkatu gabe oraindik, eta ni horien artean egongo naizelakoan nago. Ez da erraza izango, baina inork ez du inoiz esan erraza izango denik.
-Zergatik zaude horren ziur?
Finalean bederatzi piraguistek hartzen dute parte. Dena ondo joaten bada, bederatzi horietatik dagoeneko sailkaturik dauden lau egongo dira. Bost geratuko ginateke hiru postuentzako.
-Ze kategorietan arituko zara Milanen?
Kayak K-1 500 metroetan arituko naiz. Sailkapena lortuz gero, baliteke Olinpiadetan 1.000 metroekin ausartzea, baina momentuz 500ekoekin konformatzen naiz.
-Beijingera joatekotan, ze espero duzu Jokoetaz?
Uste dut nahiko paper ona egin dezakedala. Oso motibatuta nago eta, gainera, nire urteko sasoirik indartsuena udara da, entrenamendu guztiak sasoi horretarako bideraturik baitaude. Azken finean, eta horren urruti iritsi eta gero, entrenamenduetan irmo jarraitzen baduzu dominak ez dira oso garestiak.
-Aurtengo Joko Olinpikoak azken garaietako polemikoenak dira.
Bai, Txinak Tibeten eskubideak zapaltzen dituela oso argi dagoelako. Asko hitz egin da azken egunetan boikotari buruz, baina oso era hipokrita batean, nik uste. Boikot bat bezalako neurri indartsu bat hartzekotan, denok hartu beharko genuke eta ez kirolariek soilik, Gobernuek ere. Bestalde, badaude zarata egiteko eta arreta deitzeko modu oso onak Txinan bertan zaudenean, parte hartzeari utzi gabe.
-Ezagutzen dituzu Jokoetara joango diren kirolari euskaldun gehiago?
Bai, noski; eta asko, gainera. Esaterako, kayakeko ur bizietan ibiltzen den Maialen Chorraut donostiarra, Maider Unda borrokalari aramaioarra, txirrindulariren bat… Izan ere, euskaldunok beti ibili izan gara nahiko indartsu Olinpiadetan.