
Publicado el 25 de abril de 2008
Trintxerpeko Alkateordetza Pasaiako hirigintzari buruz min-tzatzeko elkargune bihurtu da apirilean zehar. Arrazoia UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) antolatutako Pasaia Hirigintza Mintegia izan da. Ekimenaren bultzatzaile den Kepa Iturralde arkitektuaren esanetan, helburuak «Pasaia eta bere eskualdeko hirigintzari buruzko foro ireki bat sortzea» eta «aurreikusita dauden proiektuen ikuspegi kritikoa lan-tzea» izan dira.
Guztira, hogei bat lagunek parte hartu dute mintegian, partekide eta hizlarien artean. Lehendabiziko saioak burututa, Pasaiak hirigintzan potentzial izugarria daukala izan da ondorio nagusietako bat. Bestalde, eragile ezberdinek ordenazio arloan udalerriari ateratzen dioten probetxu eskasa ere azpimarratu dute.
Kimetz Etxeberria bide ingeniariak emandako hitzaldian, adibidez, gaur egun badiaren birsortzerako dauden proiektu nagusi guztiek arrazoi ekonomikoei erantzuten dietela aipatu zen (besteak beste, kanpo portuaz eztabaidatu zen). Eredu «jerarkiko eta ez parte-hartzaile» honen aurka, Etxeberriak natura kontuan har-tzea proposatzen du.
Lan tailerrak eta irteerak
Jarraitzen ari den beste metodologietako bat lan tailerrena da. “Inguruaren azterketa, ekarpen berriak” izenekoan, Javier Belza ingurumen ekonomistak Donostia-Baiona korridoreko azpiegiturei buruz hitz egin zuen, bere iritziz «gehiegizko dentsitatea duela» azalduz. Ibon Salaberria arkitektuak ikuspegi hau osatu zuen birsorkuntza garatu duten gune zaharkituei buruzko adibideekin; Stuttgart, Almere (Holanda) edo Borneo (Amsterdam) aipatu zituen.
Pasaiaren errealitatea bertatik bertara ezagutzera bideratutako irteera batzuek osatu dute programa. Besteak beste, partekideek badia itsasotik ezagutu zuten, motoraz egindako ibilbide batean, eta, Antxotarrok Historia Mintegiko kideen eskutik, Antxoko barrutian murgildu ziren. Azken txango honetan, “Basatza batek hamaika kale” argazki bilduma berreskuratu zen. Edizio hau itxi genuenean, mintegia amaitzeko oraindik azken asteburuko saioak falta ziren (horien artean, Xabier Unzurrunzaga arkitektoak eta Jose Ramon Izkeaga Jaizkibia elkarte publikoko presidenteak emango zuten hitzaldi bateratua). Hau horrela izanik, ez dugu oraindik ezagutu zeintzuk izango diren lan hilabete honen ondoren parte-hartzaileek Pasaiarentzat egingo dituzten proposamenak, bere potentziala garatu dezan.