
Publicado el 20 de junio de 2008
Unai Alduntzin 15 urteko gazte sanpedrotarrak bi sari jaso berri ditu. Jaurlaritzak antolatzen duen Urruzuno literatur-lehiaketan “Morte nel Carnavale” ipuina saritu diote. Gainera, Pasaia-Lezo Lizeoko Sudurpunti antzerki taldeko kide da eta honek talde artistikorik onenari saria jaso du Donostiako XX. Gazteen Antzerki Topaketetan.
-Nola iritsi zen zure ipuin hori Urruzuno lehiaketa entzutetsura?
Euskarako klasean ipuin bat idatzi ohi dugu, nahi izanez gero Lizeoko Trastamintxo lehiaketara aurkezteko. Inauterietan idatzi eta Trastamintxo irabazi nuen. Gero Urruzuno lehiaketara bidali zuen Lizeoak nere lana, beste ba-tzuekin batera. Maiatzean jakin nuen horretan ere irabazle izan nintzela. Ez nuen espero! Irailaren 4an sari banaketa izango da eta 6an sarituak Erruma-niara bidaian joango gara.
-Zer uste duzu daukala “Morte nel Carnavale” epaimahaiaren gustukoa izateko?
Giroa, agian. Venezian gertatzen da kondaira eta, lehengo urtean han oporretan izan nintzenez, istorioa kokatzerakoan kaleen izenak etabar kontuan izan nituen. Istorioa nahiko sinplea da. Poliziakoa.
-Lizeoko Trastamintxo saria hiru aldiz irabazi duzu eta beste batzuetan finalista izan zara. Ze harreman duzu literaturarekin?
Neri ez zait iruditzen hainbesterako denik, baina nere lagunek asko irakurtzen dudala esaten dute. Literatura beltza gustatzen zait. Agatha Christie eta halakoak. Idaztearena, batez ere ikastolan hasten da, baina gero etxean noizbehinka ideiaren bat landu izan dut.
-Bestetik, Sudurpunti antzerki taldeak “Medietan 9 karrera” obrarekin saria lortu du.
Taldeko kideek sortutako antzezlana da, Lur Korta irakaslearekin batera. 15 eta 17 urte bitarteko zortzi kide gara. Eskolaz kanpoko jarduera bezala egiten dugu antzerkia ikasturtean zehar. Obra hori kabaret bat da. Nik aurkezlearen papera egiten dut. Neretzat lehen urtea izan da hau antzerki taldean eta jarraitzeko asmoa dut.
-Emaitza onak lortzen ari zara literaturan eta antzerkian. Aurrera begira, zer ikasteko asmoa duzu?
Bi esparru horiek zaletasun bezala ikusten ditut. Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan, baina Matematikak, Fisika edo antzeko zerbait aukeratuko dudala uste dut.