
Publicado el 20 de junio de 2008
Orain lau urte hasi zen Iñaki Arana antxotarra errugbian jokatzen. Ordutik, esperientzia ederrak izan ditu kirol honetan. Donostiako Spyro Bera Bera taldeko kide da eta lehen mailan jokatzen du. Horrez gain, Euskadiko Selekzioarekin ere aritzen da eta Estatukoarekin Hegoafrikara eta Poloniara bidaiak egin izan ditu, Munduko Txapelketa batean eta Europako Txapelketa batean parte hartzeko. Esfortzu handia eskatzen duen zaletasun honi ematen dio Iñakik erizain lanbideak uzten dion denbora librea.
-Spyro Bera Berak azken bost urteetan lehen mailan taldea izan du. Nolako Liga egin duzue aurten?
Nahiko kaskarra. Fitxaje berriak lesionatu egin zaizkigu eta, azkenean, etxekoek jokatu dugu. Nere burua ere ez dut oso ondo ikusi. Erizain bezala lan egiten dut, txandaka, eta batzuetan ezinezkoa egiten zait entrenamenduetara joatea.
-Ez da erraza lana eta kirola bateragarri egitea, ezta?
Ez da batere erraza. Seriotasunez aritzen gara kirol honetan, baina klubak badaki jokalariek lan egin behar dugula eta gure egoera ulertzen du. Astero hiru entrenamendu egiten ditugu Anoetako miniestadioan. Eta astebururo partiduak izaten ditugu, askotan kanpoan. Orain gutxi Sevillan izan gara 35 graduko tenperaturan jokatzen. Bidaiak autobusez egiten ditugu beti, ez dagoelako gehiagorako dirurik.
-Nola hasi zinen errugbian joka-tzen?
Lagun baten bitartez. Nik, lehen, saskibaloian jokatzen nuen eta errugbian aritzen zen lagun bat nuen kuadrillan. Entrenamendu batera joan nin-tzen, gustatu zitzaidan eta kirol honetan hasi nintzen, 17-18 urte nituenean. Bera Berako gazte taldearekin hasi nintzen. Gipuzkoan herri askotan daude errugbi klubak, baina Pasaian, zoritxarrez, ez dago. Kirol honen inguruan ezjakintasun handia dago eta futbol amerikarrarekin nahastu ohi da. Orain hasi dira errugbian dirua inbertitzen eta telebistan partidak botatzen. Badirudi jendearengan interesa pizten hasi dela. Donostian zaletasuna duen oso jende gutxi dago. Beste herri batzuetan, Hernanin adibidez, askoz ere gehiago jarraitzen dute kirol hau.
-Zer du berezi kirol honek? Zergatik gertatu zaizu erakargarria?
Filosofia ezberdin bat dauka errugbiak. Zelaian aurkariari aurre egin behar diozu eta lehia handia izaten da. Baina, zelaian gertatzen dena zelaian geratzen da eta, handik kanpo, adiskidetasuna sortzen da. Partidu batean zure aurkaria dena, zure talde berean kide izan daiteke beste momentu batean eta horrek asko elkartzen gaitu. Errugbian hirugarren denbora deitzen zaiona dago; partidua bukatzean, bi taldeko jokalariak elkarte batera joaten gara elkarrekin egotera. Maila guztietako taldeek errespetatzen dute ohitura hori.
-Giro on hori lortzea zaila izan behar da.
Ez pentsa. Zelaian gelditzen dira kontu txarrak eta, normalean, lagunak gara. Hori da politena.
-Aurrera begira nola ikusten duzu zure burua kirol honetan?
Ez dakit nola eboluzionatuko duen errugbiak. Profesionalizatuko dela espero dut. Liga pribatu bat sortzeko proiektua lantzen hasi dira. Ez dakit zenbat, baina jokalariek dirua irabaziko genuke. Ez dakit horrek aurrera egingo duen. Neri profesionalki aritzea gustatuko litzaidake. Erizain bezala dudan lana eta kirola bateragarri egitea gogorra da. Edonola ere, datorren urteari begira, jarraitzeko asmoa dut.
-Zer behar da, zure ustez, errugbi jokalari ona izateko?
Mentalizatuta egotea. Normalean jendea guztiz aldatzen da zelaian. Jokalari asko oso lasaiak dira zelaitik kanpo eta jokoan ezustekoa ematen dute. Hau ez da kirol agresiboa. Egia da kontaktu handikoa dela eta plakaketa batzuk oso gogorrak izaten direla. Baina lesioak, normalean, ez dira oso larriak. Gehienak kontrakturak izaten dira eta batzuetan sorbalda lekutik ateratzen zaizu, baina baudaude hori ekiditeko ariketak.