
Publicado el 20 de junio de 2008
Kostaldeko Santiago Bidea Pasaiatik igarotzen da. Irunetik abiatu diren erromesak Donibanera heltzen dira Jaizkibeletik, eta San Pedrotik jarraitzen dute gero egiteko daukaten ibilbide luzea. Gure herrira heltzen direnerako ia 20 kilometro gogor egin dituzte baina, bertan gaua igaro nahi badute, ez dute ostaturik aurkitzen.
Gabezia honi aurre egiteko, proiektu bat dago mahai gainean. Santa Ana baseliza ondoan aspalditik hutsik dagoen etxe batean aterpetxea irekitzeko pausoak ematen hasi dira. Elizarena da eraikin hori eta prest dago erabilera horretarako uzteko. Itsas-Mendi elkarteko kide batzuk Gipuzkoako Santiago Bidelagunen Elkartearen ordezkaritza lanak egiten ari dira Donibanen eta egitasmo hori bultzatzen ari dira. 16-18 lagunentzat oheak izango lituzke eraikinak. Dagoeneko proiektua Udalari aurkeztu diote eta hemendik aurrera hark zein erantzun emango duen eta eraikina birmoldatzeko finantziazioa nondik lortuko den ikusteko dago.
Bitartean, Itsas-mendi, lehen aldiz, Done Jakue Bidearekin erlazionatutako zerbitzu bat eskaintzen hasi da Donibanen. Hilabete batzuk dira erromes abiatzeko asmoa duten lagunek bertan ibilbideari buruzko informazioa eskuratu eta egiaztagiriak jaso ditzaketela. Asteazkenero eskaintzen du Itsas-mendik zerbitzu hau, 19.00etatik 20.30era.
Egitasmo honen bultzatzaile nagusia Xatur Telletxea herritarra da. PASAIAN aldizkaria Itsas-mendirekin harremanetan jarri zenean, Xatur kanpoan zen, hain zuzen ere Santiago Bidea egiten. Bere ordez ari zen Rafa Oterorekin hitz egin dugu, beraz.
«Santiago Bidelagunen Elkarteak Donostian eta Irunen eskaintzen du agiri eta informazio zerbitzua gure inguru honetan. Errenterian ere egiten zuen, baina bertan zerbitzua etetea erabaki zen, eta Donibanen martxan jarri genuen. Xatur da arduraduna», azaldu digu Oterok.
Itsas-mendiren egoitzan jaso daitezkeen egiaztagiriak erromes bezala aterpetxeetan sartzeko behar dira. Gainera, Santiago Bide osoari buruzko informazioa aurki daiteke bertan; bai Orreagako ibilbideari buruzkoa, baita kostaldetik joaten denari buruzkoa ere.
Kostaldeko bidea gora doa
Zazpi lagun, Pasaiakoak eta ingurukoak, pasa ziren informazio eta agiri eske zerbitzuaren hasierako asteetan. «Oporrei begira, kopurua handitzen joango dela uste dugu», azaldu digu Oterok.
Zalantzarik gabe, Santiagora heltzeko biderik ezagunena eta arrakastatsuena Orreagakoa da gaur egun. Baina Kostaldeko Bidea ere indar handia hartzen ari da. Rafa Oterok eman dizkigun datuen arabera, duela hiru urte 500-600 erromes inguru abiatu ziren bide horretatik; orain bi urte, 800 izan ziren; eta iaz, berriz, 1.700. «Aterpetxea irekitzea Donibaneko herriarentzat, ostalaritza eta merkataritzarentzat, onuragarria izango litzateke», azaldu digu. «Gainera, erromesari lekua gustatzen bazaio, aurrerago familiarekin bueltatzen da turismoa egitera». Oterok 1997.ean egin zuen lehen aldiz bidea eta ordutik lau aldiz errepikatu du.