
Publicado el 14 de julio de 2008
2005.eko Santio festetan, habanera dantzen ohitura zaharra berreskuratu zuen Donibanen herritar talde batek. Santa Ana egunean izan zen, arrakasta handiz. Ordutik, ikusizun honek aurrera egin du, urtero berrikuntzaren bat aurkeztuz. Rosa Sistiaga ekimenaren arduradunak eman digu aurtengo edizioaren berri.
«Gure emanaldia kalitate aldetik hobetzen joan dadila dugu helburu. Koroari dagokionez geroz eta soinu hobeagoa eskaini, eta dantzak geroz eta koordinatuagoak egotea lortu nahi dugu. Aurten, “Maritxu nora zoaz?” abesti zaharra berreskuratu dugu eta koreografia berri bat ere sartu dugu», esan digu Rosak.
Maiatzaren erdialdean hasi zituzten entseguak, bai dantza taldeak bai abesbatzak, astean behin elkartuz. Ekainaren amaieran erritmoa areagotu zuten, astean bitan elkartuz. «Oso zaila da guztiekin batera saioak egitea, bereziki, dantza taldeari dagokionez. Jendea lanpetuta dago; batez ere haurrak dituzten bikoteak», esan digu Rosak. Bonantza Auzo Elkarteak, Itsas-mendi Kultur Elkarteak, Aitonen Aterpeak eta Albaolak osatzen dute habanera taldea. Musikariak, koreografoak eta dantzariak kontuan hartuta, ehun lagun inguru dira.
«Aurten sei pertsona berri ditugu dantza taldean; 13 bikote gara. Koroak 60 bat lagun ditu. Orokorrean, 40 urtetik 48ra arteko jendeak osatzen du talde guztia, baina, gazteak ere baditugu tartean, 25 urtetik gorakoak», azaldu digu Sistiagak.
Ekimen honen azken helburua herrian jai giroa sortzea da eta festa polit bat eskaintzea. «Habanerak Donibanen ohitura izan dira betidanik», gogorarazi du Rosak. «Nik ondo gogoratzen dut nire amonaren garaian dantza hauek egiten zituztela, eta, plazan korro haundi bat osatuz, Konstantzia Bandaren soinuari jarraituz dantzatzen zutela». Aurtengoan, “Habanera IV- Ohitura zaharrak berreskuratuz” deitu diote festari.
Ekitaldi honek lotura zuzena dauka garai batean Pasaiak Habanako merkatariekin zuen harreman estuarekin. Sanjuandar itsas-gizon batek, Juan Bautista Arizabalo Oroviok, 1727an Real Compañía Guipuzcoana de Caracas delakoa sortu zuen. Enpresa horrek aberastasun handiak eta Habanako zenbait tradizio ekarri zituen herrira.
Santa Ana eguneko ikuskizunean, gizonak arraunean iristen dira Donibanera, umeek eta koroak ongietorria egiten dieten bitartean. Aurkezpen txiki baten ostean, txalaparta soinuarekin itsasontzia plazara iristen da. Zain dauden emazteek manilako mantoia ematen diete senarrei opari gisa. Eta dantzan hasten dira.