Pasaian

Trintxerpeko “maisu maistren etxebizitzak” eraitsi zituzten

Publicado el 22 de agosto de 2008

Trintxerpeko “maisu maistren etxebizitzak” eraitsi zituzten

Trintxerpen “maisu maistren etxebizitzak” izenez ezaguna zen eraikina iragana izatera pasa da udara honetan. Uztailera arte bertan bizi zirenen eskubideen inguruko eztabaidak etorkizunean jarrai dezake beharbada, baina eraikina desagertu egin da dagoeneko.

Aspalditik iragarrita zegoen moduan, eraitsi egin dituzte etxe horiek, Karmengo Ama eskolak laster izango duen egoitza berriarentzat lekua irabazi asmoz. Orain urte batzuk eskolaren proiektu hori bultzatzea erabaki zenean, etxe publiko horietan kontraturik gabe bizi ziren familiak joan egin beharko zirela jakinarazi zen. Hauek kezkatuta agertu ziren eta beren etxebizitza eskubidearen aurkako erasoa zela salatu zuten.

Azken urteotako eztabaida hori etxebizitzak eraisteko ordura arte luzatu zen. Uztailaren 21a baino lehen hustu behar zituzten bizileku horiek, baina, batzuk joan baziren ere, hainbat biztanlek bertan jarraitzea erabaki zuten, aginduari aurka eginez.

Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren esku geratu zen, azkenean, haiek irtenaraztea. Urte luzez beren etxe izan diren horietatik ateratzerakoan, egoera larrian gelditzen direla aipatu zuten gizon-emakume horiek.

Eraikin berriaren xehetasunak

Uztailaren 29an ospatutako osoko bilkuran, Pasaiako udalbatzak Karmengo Ama eskolako eraikin berriaren xehetasun-azterlanari  behin-betiko onarpena ematea erabaki zuen. Horrek esan nahi du dagoeneko zehaztuta dagoela eraikuntza berria nolakoa izango den. Haur Hezkuntzako txikiek eskola berria izan dezaten pauso berri bat eman da, beraz.

Errekurtsoa ez dute onartu

Era berean, maisu-maistren etxebizitzetan bizi zen herritar batek aurkeztutako berraztertze errekurtsoa ez onartzea erabaki zuen udalbatzak.

Herritar hori maisu aritu zen lan egin zuen bitartean, eta etxebizitza publiko batean bizitzeko eskubidea betirako bermatuta zuela argudiatu zuen. Baina hala froga-tzen duen ziurtagiririk ez duenez, ez dituzte bere azalpenak onartu.

Volver a la edición 80

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo