Donibanen bizi den Oreretako artista bat da Txuma Vazquez. Irudigilea. Diseinuaz, maketazioaz eta irudiez arduratu da orain gutxi aurkeztu den Bantxa produktuan (“Pasaiako historia eta ondare gida gaztetxoentzat” unitate didaktikoak). Lan honi buruz eta, orokorrean, bere lanbideaz galdetu diogu.
-Pasaiako Udalak argitaratu du Bantxa materiala. Ereiten enpresak ideia eta edukiak sortu ditu. Eta zuk, Eragin.com enpresaren bitartez, diseinua, maketazioa eta irudiak. Dagokizun eremu horretan, nolakoa izan da produktu horren sortze-prozesua?
Haurrei zuzendutako produktua da. Eta, azken batean, edukiek bideratzen dute beste guztia. Haurrentzat izate horrek ahalbidetzen zuen diseinua eta irudiak oso freskoak izatea. Horregatik, nahiko lan askea izan da. Bestetik, irudiek garrantzi handia izan behar zuten, hain zuzen ere gaztetxoei zuzendutako produktua delako. Eta gertukoak dira, Pasaiari dagozkiolako. Pertsonaia bat ere sortu dugu Bantxarentzat.
-Nondik sortu zenuen Bantxa pertsonaia hori?
Donibanen bizi garenak Jaizkibelen magalean gaude eta, hain zuzen ere, nik bertan ikusi nuen Bantxaren aurpegia. Etxeen atzetik doan bidean badago, herrira jaistera zoazela, aurpegi itxura duen harri bloke bat. Hortik hartu nuen ideia. Gero, nere lana izan da unitate didaktiko bakoitzak eskatzen zituen egoeratan kokatzea Bantxa pertsonaia.
-Proiektuan sakonduko duzue aurrera begira? Alegia, unitate didaktiko gehiago argitaratuko dira?
Ideia on bat eta pertsonai a bat dauzkagu eta aurrera begira bizitza gehiago emango zaio Bantxari, bai.
-Pasaia-Lezo Lizeoko eta Karmengo Ama eskolako 9 eta 12 urte bitarteko haurrek, aurrerantzean, Bantxaren bitartez ikasiko dute herriko historia. Zuk ere asko ikasi duzu Pasaiari buruz lan hau eginez?
Noski. Aurretik ere hainbat liburu irakurrita nituen, baina Bantxak datu zehatzak eta interesgarriak ematen ditu, haurrentzat eta helduentzat. Gertukoa da eta ikasteko eginda dago. Bertako historia laburbiltzen du. Datu interesgarriak ordenatu, era errazean eskaini eta horiekin ariketak sortu ditu Ereiten-ek. Bertako jendearentzat bertako informazioa da. Eta pertsonaia baten sorreraren bidez, koloreak erabiliz eta produktuari pack itxura emanez, baliabide erakargarria sortu dugu. Barnealdea irudi gehiagorekin janztea falta da, baina uste dut nahiko ondo asmatu dugula.
-Nola hasi zinen irudigintzaren munduan?
Fakultatean hasi nintzen, Arte Ederrak ikasten ari nintzela. Komiki fanxine batean hasi ginen ni eta beste kide batzuk. Eta orain dela urte batzuk berriro irudigintzara bueltatu nintzen, beste hainbat arlotan aritu ondoren. Pixkanaka, irudigintzaz bizi nahi nuke. Nere helburua da behingoz ehuneko ehunean ilustrazioen esparruan lan egitea.
-Eta Euskal Herriak irudigileei aukera onak eskaintzen dizkiela uste al duzu?
Guztiz ados nago Durangoko Azokaren azken edizioan Euskal Herriko hainbat irudigilek esan zutenarekin. Oraindik ere, egoera nahiko zaila da. Irudigintzaren prozesuak, bezero eta artistaren arteko hartuemana, ez daude behar bezala desarroilatuta. Gauza asko daude finkatzeko: zenbat kobratu behar duzun, eskubideak zeinenak diren... Eta nahiko murritza da Euskal Herriko literaturaren merkatua (hor irudigileak ere sartzen gara). Baina ez naiz batere ezkorra. Ikus-en-tzunezkoen gizartean bizi gara geroz eta gehiago. Beraz, materialak zaindu egiten dira eta irudigileak behar dira. Irudigintza ez da ulertu behar soilik haur literaturari edo komikiari lotuta. Internet munduan geroz eta gehiago aritzen gara.
-Zein proiektu kutun edo amets duzu aurrera begira?
Duela hilabete batzuk liburu batean lanean ari naiz. Album formatuko irudi liburu bat da. Irudigile batentzat liburu bat kaleratu ahal izatea helburu garrantzitsu bat da.
-Zer eskaintzen dio Donibanek artista bati?
Nik lasaitasuna eta argitasuna aipatuko nituzke. Donibane oso argitsua da. Ni plazan bizi naiz eta hemen beti zaude badiara begira. Hodeiak egon daitezke edo euria egin, baina beti dago argia. Artistak egon badaude Donibanen. Eta nere esparruan, Juanba Berasategi erreferentzia bat da.
Pasaian 88ko albiste gehigo irakurtzeko, sakatu hemen.