Pasaian

«Arrantzaz gain, lanerako beste aukera asko dituzte IMK eskolako ikasleek»

Publicado el 30 de junio de 2009

«Arrantzaz gain, lanerako beste aukera asko dituzte IMK eskolako ikasleek»

Amaia Albizu zarauztarra merkantzia-ontziteriako pilotua da. Itsasoan ibilitakoa da eta 2008tik Itsasmendikoi  Pasaian (lehen Itsas-Arrantza Institutu Politeknikoa) irakaslea da. Bere laguntzaz, zentro horretara bisita egin du PASAIAN aldizkariak, bertan eskaintzen diren ikasketak hobeto ezagutzeko. 

-Aurrematrikulazio garaian dago orain IMK ikastetxea.  

Bai, eta uste dugu ikasle asko izango ditugula datorren ikasturteari begira, krisi garaian jendea itsasora bueltatzen delako. Irteera asko eskaintzen dituzte hemen egin daitezkeen ikasketek. Lana badago eta ikasleek %100ean aurkitzen dute lanpostua. 

-Arrantza munduarekin lotu ohi ditugu ikasketa hauek. 

Askotan arrantza munduarekin identifikatzen ditu jendeak, bai, baina beste irteera asko ere eskaintzen dituzte. Profesional asko Mediterraneo aldera joaten dira, adibidez, luxuzko itsasoentzietan lan egitera. Hori turismoari lotutako oso irteera polita da. Urte guztian zehar izaten dute lana; ontzia itsasora ateratzen ez denean mantentze-lanak egin behar zaizkiolako. Titulazio profesionala eskatzen ari dira bertan lan egiteko eta gure ikasleak horra ere bideratzen ari dira. Atoiontziak beste irteera bat dira. Eta sektoretik kanpo, gure jende asko mantentze-lanetan jarduten da, lurreko enpresetan. Beraz, IMK Pasaia ez da soilik arrantzarekin lotu behar, nahiz badauden arrantzara dedikatzen diren ikasleak. Azken hauek ez dira nahitaez bajuran aritzen; Indiako Ozeanora atun-ontzietan ere joan daitezke, adibidez. 

-Erdi mailako eta goi mailako ikasketez gain, ikastaro ugari ere eskaintzen dituzue. 

Bai. Espezialitateko ikastaro ugari  ditugu: ro-ro, biziraupen-ontziak, marinel-arrantzale... Ikastaro motz horiek ikasle asko mugitzen dituzte. Bestetik, formakuntza iraunkorreko ikastaroak ere antolatzen ditugu, sektoreek eskatuta. Sare-konpontzaileek, adibidez, ikastaro bat eskatzen badute, beraientzat antolatzen dugu.  

-Zeintzuk dira zentroak dituen baliabideak?

Eskola hau oso ondo prestatuta dago. Bai zubi munduko bai makinetako ikasleentzat baliabide onak ditu. Eskolak Ortze izeneko ontzia du, oso  teknologia onarekin hornituta. Karta elektronikoak dauzka; GMDSS homologazioa duten irratiak; beste ontziak identifikatzeko AIS sistema; radarra; sondak... Itsasora egiten ditugun irteeretan, lanean hasten direnean izango dituzten ekipoekin praktikatzen dute ikasleek. Ontziaz aparte, nabigazio simulagailu bat dugu.  Honek eguraldi ezberdinekin simulatzen du itsasoa. Eta irrati-komunikazio arloan, simulagailu bat eta ekipo errealak ere badauzkagu. Tailer elektrikoa, mekanikoa eta soldadurakoa du eskolak. Bestetik, Planetario bat  daukagu, kanpoko jendeari ere zabalik dagoena. Laburbilduz, lehen egunetik egiten dituzte praktikak ikasleek eta zikloetako bigarren ikasturtean enpresetan formakuntza egiten dute. Suteen aurkako praktikak egiteko Su Eskolarekin hitzarmen bat egin nahi dugu orain. 

-Ikasleak segurtasun neurrietan trebatzea garrantzitsua da. Zer egiten duzue zentzu horretan? 

Irakasleek askotan komenta-tzen dugu gure artean ez dugula uste lurreko enpresetan inork astero egiten dituenik praktikak simulagailuekin edo suaren aurka. Enbarkatuta zaudenean astero egiten dira eta ohituraren poderioz automatikoki aktua-tzen dugu.
   
Bestetik, aisialdi edo kirol munduko ontziak konturatzen ari dira agian ez daudela behar bezala prestatuta segurtasun gaietan eta ikastaroak eskatzen ari zaizkigu. Ekimen interesgarri bat martxan jarri nahi dugu. Eskolatik foro bat bultzatu nahi dugu, segurtasun gaietan itsasoaren erabiltzaile guztiak biltzeko. Salbamenduko ontziek egiten dituzten irteera gehienak aisialdiko ontziei laguntzeko izaten dira. Horregatik, argi ikusten dugu itsas-segurtasuna bultzatu beharra dagoela. Surf taula batekin edo kayak batekin itsasora ateratzen denak ere formakuntza bat behar du. 

-Emakumeak animatzen al dira IMK eskolan izena ematera? 

Une honetan, zikloetan ez daukagu emakume bakar bat ere. Eta enpresek gustora hartzen dituzte emakumeak lanerako. Nere esperientziatik esan dezaket beti ondo joan zaidala itsasoan. Ez dut inongo arazorik izan. Uste dut emakume asko ez direla etortzen arrantza munduarekin lotzen dutelako eskola hau. Baina irteera asko daudela kontuan hartu beharra dago. Aukerak oso ugariak dira eta lurrean ere egin daiteke lan.

Volver a la edición 90

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo