Pasaian

«Aurki egingo dugu 2010eko KMKen aurkezpena, logoa eta leloa ezagutaraziz»

Publicado el 23 de octubre de 2009

«Aurki egingo dugu 2010eko KMKen aurkezpena, logoa eta leloa ezagutaraziz»

Pasaia-Lezo Lizeoak Gipuzkoako ikastolen festa handia, Kilometroak, antolatuko du 2010. urtean. Urriaren 3an. Jaiaren aurtengo edizioan, Donostiako Zurriola ikastolak lekukoa eman zion Lizeoari. Lorea Muguruza Antxoko bizilaguna da koordinatzailea.

-Urtebete falta da Gipuzkoako ikastolen festa handia Pasaian eta Lezon ospatzeko. Baina Kilometroak 2010 abian da. Zeintzuk dira Pasaia-Lezo Lizeoak dagoeneko aurreratu dituen lanak?

Hamaika kontutan buru-belarri sartuta gabiltza, oraintxe hartu baitugu Zurriola ikastolakoek emandako lekukoa. Halere, une honetan aurki egingo dugun 2010eko KMKen aurkezpen ekitaldia prestatzen ari gara. Aurkezpen ekitaldi horretan ezagutaraziko dugu 2010eko KMKko logoa, baita leloa ere. Horrez gain, neguko kanpainari ere helduko diogu prestatuko dugun jaialdian. Hau da, KMKtako neguko arropa aurkeztuko dugu, besteak beste. Horrekin guztiarekin batera, urtean zehar egin beharreko ekintzak planifikatzen ari gara.

-Kilometroak 2010 barrutik ezagutu nahi dugu. Zenbat batzorderen bitartez arituko zarete? Zenbat jende ari da lanean eta zenbat lagun beharko dituzue egun handirako boluntario?

Hamahiru batzorderen bidez funtzionatzen dugu. Salmenta, txosnak, babes neurria, trafikoa, zirkuitoa, beste salmentak, ikuskizunak, osasuna, garbitasuna, muntaia, komunikazioa, giza baliabideak eta protokoloa. Bakoitzak bere eginkizuna du eta primeran ari dira lanean! Gutxi gora-behera 200 bat lagun ari dira une honetan lanean, baina zuek esan bezala, egun handirako boluntario gehiago beharko dira, baita urtean zehar egin beharreko beste hamaika ekintzetarako ere. Beraz, KMKetan lan egiteko gogoa duenak Pasaia-Lezo Lizeotik pasatzea besterik ez du izena emateko. Horrez gain, aurki Lizeoaren webgunean (www.lizeoa.com)  izena emateko aukera izango dute laguntza emateko interesa dutenek.

-Azken urteotako ibilbideak erakutsi du Kilometroak ez dela soilik egun bateko jaia. Urriaren 3a iritsi bitartean kultur eta gizarte arloko ekitaldi asko antolatuko dituzue. Zerbait aurreratzerik?

Oraingoz aurreratzeko moduan gauden ekintza bakarra aurkezpen ekitaldia da. Gainerakoak orain ari gara definitzen. Hala ere, gauza bat esan dezaket: sorpresa ugari izango dela urtean zehar eta mimo handiz prestatuko dugula guztia Pasaiako eta Lezoko herritarrentzako, baita eskualdeko eta Gipuzkoa guztiko jendearentzako ere.

-Koordinatzailea zara. Nola egiten diozu aurre ardura garrantzitsu honi?

Ilusioz beteta. Orain 12 urte Lizeoak antolatu zuen KMK lehen aldiz, eta jende, langile herritar asko dago urte hartan lan egin zuena. Eskarmentu handia duen jende ugari dut inguruan eta lanerako gogoz dagoen beste horrenbeste pertsona ari gara KMKetan buru-belarri. Ardura handia den arren, babesa ere handia dut. Ezin dut besterik eskatu!

Volver a la edición 93

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo