Pasaian

«Bovedan heziketa proiektu bat lantzen dugu, boluntariotza sustatuz»

Publicado el 08 de enero de 2010

«Bovedan heziketa proiektu bat lantzen  dugu, boluntariotza sustatuz»


Anai-arreba trintxerpetar hauek Boveda Gazte Elkarteari eskaintzen diote beren denbora librea boluntario lanetan. Aiora taldeko koordinatzailea da eta Oierrek ardura garran-tzitsu berri bat hartu du, azaroan Beti Alai Taldeak Federazioko presidente izendu baitzuten.

-Oier, Gipuzkoako aisialdi elkarte ugari batzen dituen Bizi Alai Taldeko (BAT) lehendakari berria zara. Gipuzkoako aisialdi talderikat beteranoena den Bovedak (43 urteko ibilbidea) lehen aldiz izango du bere kide bat BATeko buru. Kontaiguzu nola izan zen hautaketa hori. 

Bizi Alai Taldeak Federazioko batzarrak hiru urtean behin presidente berria hautatzen du. Boveda Gazte Elkarteak bere hautagai proposatu ninduen. Taldeek hausnartu eta eztabaidatzeko denbora izan zezaten, hilabeteko epean ezohiko batzar bat egin genuen. Talde guztien aldeko bozkarekin, batzarrak datozen hiru urteetarako presidente izendatu ninduen.
 
-Zeintzuk izango dira zure egitekoak eta helburu zehatzak kargu horretan? 

Parrokia, elkarte eta ikastetxe erlijiosoetan lanean diharduten taldeak koordinatuko ditut. Gure heziketa proiektua aurrera eraman dezaten tresna eta baliabideak eskaini beharko dizkiet bai talde eta baita suspertzaileei ere. Horrez gain, parrokia, elkarte eta ikastetxe erlijiosoetan eskaintzen den fede heziketa prozesuetan, astialdiaren metodologia bultzatu eta ziurtatzea izango da nere eginkizuna, astialdi taldeen sustapena bideratzearekin batera. Eta talde hauek egiten duten lan hezitzailearen garrantzia gizarte eta erakundeen aurrean presente egiteaz arduratuko naiz.
 
-Boluntariotzaren krisia aipatu izan da aisialdi taldeen gaur egungo arazo nagusien artean. Bovedan eta BAT Federazioan kezka hori duzue? 

Kezka hori beti daukagu. Gure lana da gazte-txoek gure heziketa proiektua betetzea eta proiektu hau gazte-txoak begirale izatean bukatzen da. Horrela, begiraleen errelebua bermatzen da. Hala ere, boluntariotzaren krisiak ere kalte egin digu. Baina Federaziotik boluntariotza sustatzen duen elkarte batekin elkarlanean gabiltza, ikaste-txeetara gerturatzen, gazteei boluntariotza eta parte-hartzearen berri emanez, ikuspegi kritikoa landuz eta ekintza boluntarioak gure ingurunean zer-nolako eragina eduki dezakeen hausnartuz, hau da, parte-hartze arduratsua eta boluntariotza sustatuz.

-Aiora, Bovedako koordinatzailea zara. Ze ekintza landuko dituzu datozen hilabeteotan? 

Ikasturteari hasiera emateko Kilometroak festara joan ginen. Orduz geroztik, ostiralero biltzen gara haurrekin elizan dugun lokalean. 8 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak ditugu, “Txikiak”, “Handiak” eta “FM” taldeetan banaturik. Azkenengo taldean dauden gazteek (17-18 urte) begirale izateko behar duten prestaketa teknikoa jasoko dute eta ondoren praktikak egingo dituzte kanpamenduan.
   
Abenduan, hilaren 20an, Santo Tomas postua jarriko dugu. Gabonetako Haur Jaialdia, Olentzeroren etorrera eta Errege kabalgatan ere parte hartuko dugu. Behin Gabonak amaituta, buru-belarri ariko gara Inauteriak prestatzen, Donostian eta Trintxerpen  Bovedaren konpartsa ateratzeko.
   
Ostiraleko ekintzak maiatzean amaituko ditugu eta programatuak ditugun ekintza berezien artean elkarbizitza bat eta Txirrin Txarran festa daude; Gipuzkoako elizbarrutietako astialdi talde desberdinak elkartzen dira jai horretan. Bovedak udan ez ditu ateak ixten eta kanpamenduaz gozatzeko aukera izango dute haurrek.

-Zeintzuk dira taldearen erronka nagusiak une honetan? 

Lehenik eta behin, ez dugu etsi nahi Boveda ezagutzera ematen. Herrian ekintzak egiten saiatzen gara herritarrek ikusteko zer den Boveda eta zer egiten dugun bertan. Beste aldetik, jolas eta dinamiken bidez, heziketa proiektua lantzen dugu. Lortu nahi da, besteak beste, haurrak baloreetan hezitzea, etorkizunean pertsona onak izan daitezen.
   
Bovedan haurrekin lantzen den heziketa proiektua ez da urte batera bakarrik edota une konkretu batera mugatzen, hau guztia prozesu bat delako. Taldean haurrak 7 urtekin sartzen dira eta ateratzeko ez dago adin finkorik zehaztua, haur gisa sartu eta begirale izanez amaitu dezakezulako. Lortu nahi da haur sartu zirenak, gaztetxoak direnean, bai herriarekiko eta baita Bovedarekiko ere konpromiso bat hartzea.
   
Amaitzeko esan  Heziketa proiektu honetan 7 begiralek parte hartzen dugula, eta 70 bat haur eta gazte ditugula. Eta laguntza handia ematen diguten guraso talde bat daukagu.

Volver a la edición 95

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo