Pasaian

Eneko Lilly eta Garbiñe Altxu: «Japonian dantzatzea aukera paregabea da eta bidaia hori gogoz ari gara prestatzen»

Publicado el 04 de marzo de 2010

Eneko Lilly eta Garbiñe Altxu: «Japonian dantzatzea aukera paregabea da eta bidaia hori gogoz ari gara prestatzen»

Antxotik Japoniara zabalduko du aurten Alkartasuna dantza taldeak euskal kulturaren alde egiten duen lana. Abuztuan Hakodate hiriko jaialdian parte hartzeko gogoz ari da lanean. Garbiñe Altxu eta Eneko Lilly kideak bidaiaz eta taldeaz aritu dira PASAIAN aldizkariarekin.

-Alkartasuna Dantza Taldeak Japoniara bidaia egingo du datorren udaran. Kontaiguzue nola sortu den aukera hori eta zein egitasmotan parte hartuko duzuen zehazki. 

Dantza taldea urtero saiatzen da atzerrira bidaia egiten. Aukera ezin hobea dela pentsatzen dugu kultura desberdinekin elkar bizi eta euren dantza eta ohiturak gertutik ezagutzeko. Eta nola ez, euskal kultura eta euskal dantza tradizionalak munduan zehar ezagutarazi eta zabaltzeko.

Beraz, aurten ere, urteroko oparitxo, helburu edo erronka honen atzetik ibili gara. Kontaktuak egiten ditugu eta hauei esker lortzen ditugu jaialdietarako gonbidapenak. Beste herrialde batzuetatik gonbita jaso badugu ere, azkenean Japoniako jaialdira joatea erabaki dugu, Hakodatera hain zuzen.

Bertan sei eguneko jaialdi bat antolatzen dute (abuztuaren 5etik 11ra), non munduko beste herrialde batzuetako dantza taldeek parte hartzen duten. Hala nola, Bulgaria, Frantzia, Indonesia, Italia, Nepal, Peru, Polonia, Errusia, Taiwan eta nola ez, gu, Euskal Herriaren izenean. Esan bezala, jaialdi bat da eta ez lehiaketa bat.

-Taldeko zenbat lagun joango zarete eta nola ari zarete bidaia hori prestatzen?

Printzipioz taldeko guztiak joateko aukera dago, hau da, joateko asmoa duen inor ez da geratuko joan gabe. Eta, noski, ez dugu inor joatera derrigortuko. Jaialdi honetan 30 pertsonako muga dauka talde bakoitzak.  Astero hirutan entseatzen dugu. Urtero, maiatzeko azkeneko astean, kurtsoan zehar landutakoaren aktuazio bat egiten dugu eta gehien bat entseguak horren baitan egiten dira. Aurten, hala ere, esango genuke enfokea Japonian dugula eta, beraz, emanaldi hau entsegu polit bat izan daitekeela ondoren etorriko denarentzat. Entseguak gogor aprobetxatzen ari gara, argi baitaukagu Japonia bezalako herrialde batean dantzatzea aukera paregabea dela eta ez dugu alferrik galdu nahi. Bestalde, jakinik Japoniarako hegazkin-txartelak garesti samarrak direla, dirua lortzeko ekintzak prestatzen ari gara. Eta, abuztua bitarte, hori da gure asmoetariko bat, bidaia merketzea.

-Dirua lortzeko bigarren eskuko merkatu bat antolatu berri duzue. Zer moduz joan zen? 

Bai, hilaren 6an egin genuen bigarren eskuko azoka Antxoko zumardian. Bertan uste baino “traste” gehiago bildu genituen. Taldekideez gain, lagunek eta Alkar Txikiko haur eta gurasoek ere parte hartu zutelako gauzak ekartzerako orduan. Eskertzekoa da jendearen laguntza eta kolaboratzeko gogoa. Egia esan, oso ondo atera zen, espero genuena baino hobeto. Jende asko hurbildu zen bertara eta goiz ederra pasa genuen. Hala ere, esan dugun bezala, makina bat gauza dauzkagu. Beraz, beste behin ere merkatu txiki bat egitea pentsatua dugu.   

Egun horretan jarritako pankartak zioen bezala, “zuen laguntzaz Japonera hurbilduz” goaz. Eskerrik asko.

-Egutegiak ere salgai dituzue. Nolakoak dira eta non eskura daitezke? 


Egia da, bai. Nahiko luzea da egutegien kontua, baina labur azalduko dugu. Josu eta Kristina dantza taldeko partaideak preso egon zirenean, taldeko mutilek Krisi egutegi erakargarri eta probokatzailea egin ohi zioten urtero. Taldeko neskek behin baino gehiagotan proposatu zuten Josuri ere horrelako bat egitea, baina arrazoiak arrazoi, asmoa ez zen aurrera eraman. Azkenean, behin Kris eta Josu gure artean zeudela, beste behin atera zen neskek egutegia egitearen proposamena. Eta esan eta egin. Ondoren, Japonian pentsatuz, erabaki genuen egutegiak kaleratzea eta salgai jartzea. Xoxa batzuk biltzeko! Egutegiak lortzeko,  orain arte taldekideei eskatzea gomendatzen genuen, baina kontaktu bat jarriko dugu eskaera errazteko asmoz. Egutegia nahi duen edonork bidal dezala email bat helbide honetara: irune26_91@hotmail.com.

-Beraz, datozen hilabeteotan antzeko beste egitasmoak bultzatuko dituzue, dirua bildu asmoz.


Bai, lehenago esan dugun bezala, abuztua bitarte hainbat ekintza egiteko asmoa dugu. Esan beharra dago ere asmoarekin ez dela nahikoa eta, beraz, ez dakigula guztiak aurrera aterako diren, baina gauza argia da oso gogotsu gaudela bidaia honekin.   

Bigarren eskuko azoka berriro egin nahi genuke. Errifak saltzeko asmoa ere badugu, sari eder eta erakargarri baten truke, eta zozketa maiatzeko emanaldian egingo genuke. Bertso afari bat antola-tzea ere gure asmoen artean sartzen da, besteak beste. Behin honetaz ari garela, jakinarazi edo gogorarazi nahiko genuke ezkontzetan dantzatu ohi dugula, beraz, dantzaririk behar duena lasai asko jar daiteke gurekin kontaktuan. Eta jakin ere aktuazioak bilatzen ari garela, beraz, honekin ere berdin!

-Zer-nolako egoera bizi du gaur egun Antxoko Alkartasuna dantza taldeak? 

Alkartasuna dantza taldea indartsu dago, jende gazte asko dago taldean eta hauen gogoek asko laguntzen dute. Esperientzia dutenengandik dena xurgatzeko prest datoz!

Hala ere, euskal dantzan ohikoa den arazo edo desabantaila bat du taldeak. Mutil falta, hain zuzen. Neska asko daude taldean, inoiz ez gehiegi, baina mutil gutxi daude eta honek askotan arazoak ekarri ohi ditu Alkartasuna bezalako dantza talde tradizional batean. Beraz, deialdia egin nahi diegu dantza gustuko duten mutil guztiei. Instalazioei dagokienez, azokan dugu dena. Bertan entseatzen dugu, eta bertan dugu material eta arropa guztia. Jakin badakigu Antxo ez dela lokal asko dituen herri bat, baina beti hobe daiteke guztia. Hasiera batean goiko pisua guztiz desaprobetxatutako pisu bat zen, eta insistitze eta ahaleginaren ondorioz, probetxu bat atera genion. Bi gela edo lokal moduko egin genituen, bata materiala gordetzeko eta bestea arropa guztia ondo antolatuta izateko erabiltzen ditugunak.

Dena den, hainbat eragozpen ditugu. Azokako lurrak asko irristatzen du, nahiz eta erretxina erabiltzen dugun. Ispiluen falta ere asko sumatzen da, laguntza handikoa izango bailitzateke entseatzerako orduan norberak bere burua ikusi ahal izatea. Eta tenperaturaren arazoa dugu. Udan bero gehiegi eta neguan hotz izugarria egiten du azokan. Beroarekin ez dago arazorik; leihoak irekitzearekin nahikoa da. Baina neguan egiten duen hotzak luzatze-ariketak mugatzen dizkigu.

-Eta zer erronka dauzkazue?

Alkartasunaren helburua euskal dantza tradizionala mantendu eta zabaltzea da. Maiatzeko emanaldia eta bidaia izan ohi dira ikasturteko erronka nagusiak. Urtero egiten ditugun sagardo jai eta aste kulturala ere hor daude eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dugu. Bestalde, erronka orokor moduan aipa genezake orain arte egindakoa mantentzea eta ahal den moduan hobetzea derrigorrezkoa iruditzen zaigula.

Volver a la edición 97

Compartir

Delicious Menéame Zabaldu Digg

Zer da hau? ¿Qué es esto?

EDK logo