
Publicado el 21 de agosto de 2008
Begirale eskasiak udarako bi kanpamentuetan onartutako haur eta gazte zenbakia mugatzera behartu du Trintxerpeko Boveda Gazte Taldea aurtengoan. Hala jakinarazi genuen uztailean eta taldeko kideen kezka azaldu genuen. Izan ere, familia batzuek ez zuten ondo ulertu zergatik beren seme-alabek ezin zuten aurten jarduera horretan parte hartu.
Oraingoan, berriz, Montemediano de Cameros-etik bueltan (bertan izaten dira txiki zein handien kanpamentuak), Bovedako kideen pozaren berri eman behar dugu. Begirale taldeak pasaian.com web guneari azaldu dionez, «oso txanda lasaiak izan dira. Ikasturtean izan ditugun haurrak etorri direnez, elkar ezagutzen genuen eta giro polita sortu da hasieratik».
Lehen txandan 30 haur, bost begirale eta bi laguntzaile izan ziren. Gainera, beste begirale batzuk ere joan dira puntualki Montemedianora, egun batzuetan laguntzeko. Bigarren txandan (txikien taldea) bitartean, 37 haur, sei begirale eta bi laguntzaile izan dira.
Bovedak hilabete osorako (bi txandak) helburu orokorrak ezarri ohi ditu eta ondoren, «txanda bakoitzak bere helburu zehatzak izaten ditu haurren adinaren arabera, izaeraren arabera...».
Gainera, hamabostaldi bakoitzean gai bat jorratzen da eta horren inguruan antolatzen dira eguneroko giroa eta jolasak. Aurten, lehen txandako gaia "Euskal selekzioarekin Beijing 2008-ra!" izan da eta bigarren txandakoa "Denboraren makina eta ipuinak".
Lehenego txandako begiraleen hitzetan, «hasieratik familia handi bat osatu dugu denon artean. Oso gustura ibili gara eta, itzultzeko garaian, malko pila bat bota genituen haur eta begiraleek».
Bigarren txandako arduradunek aurtengo kanpamentuan euskara inoiz baino gehiago erabili dela azpimarratu nahi izan dute. «Pixkanaka lortzen ari gara kanpako giroa euskalduntzea. Pixka bat es mucho eta asko mogollón!», esan digute.
Beste alberdi pozgarri bat ere aipatu dute begiraleek. Urtero, haur eta gazte parte-hartzaileen gurasoek lagundu egiten dute kanpamentuaren muntaia eta desmuntaia lanetan. «Aurten, Bovedako guraso taldeak pisu handia hartu du eta lan guztia erraztu digu. Gehienak begirale ohiak dira eta, orain beren haurrak Bovedan daudenez, asko inplikatu dira. Eskerrak! Oso langileak dira», jakinarazi da.
1 comentarios
Aurten ere kanpaldi arrakastatsua!
Orain, oporretatik bueltan kurtso hasiera. Animo!
Guraso eta gainontzekoen laguntzaz 50 urteetaraino!
Escrito por Urkooo (2008-08-21 12:35:09)